Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Artxibak

2006/04/12

Aberri Egunarentzako agiri osoa

Baloreen Nazioa
Aintzatesteko eta oroitzeko sasoia
Aukera eta mehatxuen sasoia
Nazio lankidetzarako sasoia

rss Ezagutzera eman
Baloreen Nazioa

Aintzatesteko eta oroitzeko sasoia

Makina bat urte igaro dira Bilboko martxoaren 27 hartatik egunera arte, milaka eta milaka arrantzale, baserritar, enpresario txiki, orduko fabriketako langile, emakume, gazte eta zahar Eusko Alderdi Jeltzalearen deialdiari kasu eginez lehen Aberri Egunera joan zirenetik; egun benetan argia eta emozioz betea izan zen, gure Aberriaren egun nagusia.

1932ko Pazko Igandean Bilboko kaleak lepo bete ziren erkidego bizia zela onartzea nahi zuten abertzaleekin, Euskadiren eskubide nazionalak aldarrikatzea erabaki zuten abertzaleekin. “Bihar, edo itto edo Bilbora” (mañana, o ahogar o a Bilbao) esaten zuen arrantzale bizkaitar batek lehen Aberri Egunaren bezperan, garai hartako Euzkadi egunkarian jasota agertzen den bezala, bidaia hori prestatzen ari zenean.

El Día egunkariak honela deskribatu zuen Bilbon gertatu zena: “Sosegua eta berotasuna. Lasaitasuna eta optimismoa. Bakea eta sendotasuna. Gaitasuna eta norberaren buruaren domeinua. Etorkizunarekiko fedea eta orainean jardutea. Hori guztia eta askoz gehiago izan zen Aberri Eguna”.

Urte bat beranduago, 1933an, Donostian ospatu zen eta hiriak, alaitasun osoz ez ezik, nolabait esateko harrituta jaso zuen Aberri Eguna ospatzera hurbildu zen jende uholdea. Gure Alderdiak, sortu zenetik Europaren aldekoa izan denak, Euzkadi-Europa leloa aukeratu zuen nazioarte mailan euskal kausa ezagutzera emateko eta Europan Euskal nazioa izateko gure erreibindikazio abertzalea egiteko.

Atotxako zelaietan egin zen mitinean honela mintzatu zen on Manuel de Irujo: “Era solemnean bildu behar genituen askatasuneko gure asmoak eta lur osoko gainerako herriek sentitzen dituztenak, demokraziaren taupadak elkarrekin sentitu, “herriak, herri osoak” emozio hauetan guztietan esku hartzea lortzea, nazio erkidego moduan jendearen eskubideen korrontean inkorporatuta. Horretarako da, eta ez du beste ezer adierazi nahi, Euzkadi-Europa leloa”.

Gasteiz izan zen 1934ko Aberri Eguna hartu zuen tokia eta azpimarratu behar da gertatu zen jai-giro kultural eta abertzale benetan aparta, hain zuzen ere Arabako lurraldea Euskal Estatutuaren prozesuan sartzea eztabaidatzen ari zen unean. Euzkadi egunkariak esan zuenaren arabera “abertzale guztien ahalegina izan zen argi adieraztea Araba Euskadiko atala dela, euskaldun guztiek benetan maite dutena, eta inguruabar hori uka ezina dela”.

Iruñea izan zen 1935 urtean hautatu zen hiriburua. Une hartako debekua eta egoera politiko larria gaindituz Eusko Alderdi Jeltzaleak ekainaren 30ean Aberri Eguna ospatzea lortu zuen. Napar Buru Batzarrak egunari buruz adierazi zuenaren ildotik “historiak galdu zuena jeltzaletasunak Nafarroarako irabazten du. Hori da Aberri Egunaren jaiko sentimendua. ...Euskal anaitasunaren jai ederra da. Eta esan genezake ia ez duela beste edukirik”.

1936ko tragediak heriotza, sufrimendua eta errepresioa ekarri zizkion Euskadiri baina hori gorabehera ez zuen lortu askatasunaren, demokraziaren eta euskal nazioaren sentimenduaren hazia hiltzea, ordurako hazi hori ernamuinduta zegoelako eta Errepublikaren urteetan erabat finkatu zelako. Eta Aberri Egun gehiago egon ziren urte beltz horietan, guztiak ospakizun, erreibindikazio eta errepresioaren sentimendu gazi-gozoekin, eta Euskadiko bazter eta zoko guztietan ospatu ziren, beti ere oso argi adierazita eta gogorarazteko Euskadi Euskaldunon Aberria dela.

Aurten Aberri Egunaren 75. edizioa ospatzen dugu. Gaur, 2006ko Aberri Egunean, demokrazia zapaldu zuen eta gurean min izugarria eragin zuen sublebazio militarretik 70 urte igaro direnean, itxaropen eta konpromisoz beteta dagoen sasoi berria hasten dugu. Oroimenaren urtea da, pairamen hori guztia, errepresioa sufritu zuten milaka pertsona horiek oroimena direlako eta ez iragana, eta horiek guztiek gure aintzatespen duina merezi dutelako.

Gaur nazioago gara

Euskal nazioaren garaia da, herri hau eraikitzen jarraitzeko erronkari ekitekoa, euskal gizartearen gehiengoaren asmoak arretaz entzuten jarraitzeko eta adierazpen politiko eta nazio proiektu bihurtzeko ikuspegi estrategikoak garatzekoa.

Euskadi inoiz baino nazioago da. 1979an euskal gizartearen eta eragile politikoen gehiengoak onartu zuen apustuari esker Euskadi, nazionalismoaren formulazio ideologikoa zena errealitate soziologiko eta juridiko-politiko bihurtu da. Gaur egun "Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta baita Nafarroaren" definizio juridikoaren abiaburua "euren naziotasunaren adierazpena da", euskal nazio izatea, eta hori horrela da herri honen gehiengo zabalak duela 25 urte baino gehiago, Eusko Alderdi Jeltzaleari eman zitzaion konfiantza aitzindaria izanik eta Euskal Herriaren gehiengoaren borondatea indarkeria erabiliz lapurtzea erabaki zutenei aurre eginez, hasi zuen bideari esker.

Euskadi gaur nazioago da gizarte ikuspegitik ere. Herritarrek gehien baloratzen dituzten erakundeak Legebiltzarra, Jaurlaritza, Lehendakaria dira; gure seme-alabek euskara aurreko belaunaldi guztietan baino gehiago ezagutzen eta erabiltzen dute; gure herriko eskualde askotan, berbarako Lizarrerrian, Ezkerraldean, Enkarterrietan, Lautadan edo Errioxan, mende askotako atzerakuntza nabarmenaren ostean, batzuetan desagertzeko zorian egon denean, berriz ere gure naziotasunaren nortasunaren hizkuntza lehengoratzen ari da eta ez bakarrik ikur moduan, komunikatzeko tresna delako, sortzeko eta pentsamendua eta kultura zabaltzekoa.

Ematen du historiaurrea dela, baina hiru hamarkada baino ez dira igaro orduan izendatu berria zen Suárez presidenteak - nolabaiteko paternalismoa erakutsirik- Fisika Nuklearra euskaraz irakastea ezinezkoa zela esan zuenetik. Hiru hamarkada baino ez dira igaro eta Euskadin gaur egun gauzarik ohikoena da nanoteknologia, polimeroen zinetika edo terapia genikoei buruzko doktoretza tesiak euskaraz egitea.

Bizi garen herri honek, guk geuk eratzen dugun belaunaldiak euskaraz ikasten du, euskaraz komunikatzen da, hizkuntza horrekin konektatzen da sarearekin eta hizkuntza hori erabiltzen du bere sentimenduak adierazteko. Gure hizkuntza munduari irekita dago eta beste batzuekin elkar eragiketan jarduten du hizkuntza askotako testuinguruan. Estatu mailan hizkuntza-gaitasun mailarik altuenak dituen erkidegoa gara euskara, gaztelania, frantses, ingeles eta alemanez. Gure erkidegoa erreferentzia da Europa osoan hizkuntza askotariko hezkuntzari dagokionez eta hori frogatzeko hor daude gure ikastetxeek dituzten nazioarteko kalitate ziurtagiriak eta irabazi dituzten sariak. Eta ezin ditugu ahantzi euren artean euskaraz komunikatu arren aldi berean mandarin, portugesa edo txekiera ikasten duten profesional gazteak, zuzendaritzako euren erantzukizunak burutzen Sanghaiko badian, Sao Paulon edo Moravian daudelako.

25 urte hauek ematen diguten ikuspegiarekin esan behar dugu erraldoiaren urratsa eman dugula eraikuntzaren arlo askotan: nazionala, politikoa, soziala, kulturala eta linguistikoa. Jakin dakigu hau ezinezkoa litzatekeela orduko erabaki horiek gabe, euskal nazio askearen eta bere etorkizuna erabakitzeko ahalmenaren idealak hausteke lan egin duten pertsona askoren konpromisorik gabe. Horri guztiari esker gaur nazioago gara.

Halaber, Euskadi nazioago da barnera begi. Eta artean lanean jarraitzen dugu Nazio Politikoa ere iristeko moduko helmuga izan dadin, Euskal Herriko hiru esparru juridiko-politikoetako herritarren borondate demokratikoan oinarrituko den lurralde batasuna lortzeko. Eraikuntza nazionalaren norgehiagoka demokratikoa irabazteko gakoa begirunea delako: Nafarroa gogoan daukagunean euren sentimenduak gehiago hartzea kontuan, eta jaramon gehiago eskaintzea Iparralderen iritziari, euren ametsak eta helburuak guztionak izan daitezen.

Aitzindari izateko sasoia, autoestimua sustatzeko sasoia

1997ko urria. Gugennheim Museoaren inaugurazioak gure herriaren transformazioaren hasiera ekarri zuen. Titaniozko plaka horien azpian nazio aitzindaria ezkutatzen da, inguruabar politiko eta sozial konplexuetan Europan erreferente bihurtzeko gauza izan den nazioa.

Euskadi erakargarria da. Asko dira gurera etortzen diren eta gurean egun batzuk egiten dituzten bisitariak. Erasmus belaunaldiko ikasleak hasita daude euren lehentasunen artean Euskal Herriko unibertsitateak sartzen. Baina hori baino askoz garrantzitsuagoa dena: gu geu, urte askotan gure autoestimuan hamaika kolpe jaso ondoren, hasi gara gure egoera herri aitzindari baten egoera moduan ulertzen, bere nortasunaren finkapenagatik Europan erreferentzia den herria, ikusten dugulako gauza garela berritzeko eta hazteko, solidaritatearekin eta lankidetzarekin daukagun konpromisoaren jakitun garelako.

Pobreziaren arriskuaren tasatik abiatuta neurtzen den gizarte integrazioa Euskadin, Europako batez besteko parametroak baino hobea da. Gure bizi-itxaropena munduko onenen artean dago. Jarduera tasa haziz doa, bereziki gazteen eta emakumeen taldeen kasuan eta horrek esan nahi du etorkizunean eta pertsona guztien arteko berdintasun praktiko eta errealaren aldeko apustuan inbertitzen ari garela.

Gure esportazioen maila teknologikoa gero eta hobea da, gure ospitaleak Europako zentrorik aurreratuenen artean daude berrikuntzako erreferenteetan eta gure ingurumena lehengoratzen doa eta duela 25 urte Europako ibai kutsatuenen artean zeudenak gaur egun hiri-esparru erakargarrietan integratuta dauden ubide bihurtu dira.

Abertzaletasuna, politika eta gizartearen arloen lankidetzarekin, gauza izan da transformazio hori zuzentzeko. Gaur, aukera politiko batzuk orduan Eusko Alderdi Jeltzaleak erabaki eta egin zuenera 25 urte berandu heltzen direnean, komeni da gogoan izatea gaur errealitate bizia garela, lortu dugun autogobernua izugarri estimatzen duen gizartea garela, eta herri moduan oso ondo ezagutzen ditugula gure eskubide sozialak eta politikoak, indibidualak eta taldearenak; eta oso argi daukagu zorrotzak izan behar dugula gure aitzindariekin eta gure kontinenteko beste errealitate nazional batzuen etorkizunerako ipar eta laguntza izan behar dugula.

Gure Alderdiak 1991ko Aberri Egunean esan zituen hitz batzuk ekarriko ditugu gogora, 15 urte igaro ondoren oraindik ere bizirik daudelako erabat: "EAJn aurtengo Aberri Egunaren inguruan egin dugun hausnarketaren abiaburuak kontrajarriak diren abertzaletasunaren bi ideia dira; alde batetik, abertzaletasuna esparru juridiko-politikoaren definizio xehekatu eta aurretiazkotik ulertzen dutenak daude, euskal nazioa eraikitzen hasteko beharrezko baldintzatzat joz; eta nazioa, barrutik, egunetik egunera eraikitzen dela uste dugunok gaude, ekonomia, ongizatea eta gure nortasunaren ezaugarrien defentsa sustatuz".

Horixe izan da Eusko Alderdi Jeltzalearen apustua unerik garrantzitsuenetan: eskura genituen esparruetan euskal nazioa eraikitzeko erantzukizuna hartzea, esparru zabalagoei uko egin gabe eta pertsonak egituren menpe jarri gabe, jakin dakigulako gure herritarrek Herriarekiko, Euskadirekiko konpromisoa dutela Europan aurrera egiteko eta munduan guri geuri dagokigun tokia bilatzeko. Hori euskaldunok Euskal Nazioa eraikitzen jarraitzeko une historiko bakoitzean hartuko ditugun erabakiekin bat egin behar da. Gaurko erronkak bestelakoak dira, XXI. mendekoak dira, baina gure helburua, EAJ-PNBren helburua, betikoa da: Euzkotarren Aberria Euzkadi da.

Aukera eta mehatxuen sasoia

XXI. mendean ziklo politikoak eta bitalak oso motzak dira. Eta komeni da kontuz ibiltzea eta bereziki komeni zaigu guri, egoerari egokitzeko eta aitzindari izateko gaitasuna dugun herria garen neurrian.

Milurtekoa hasi zenetik 6 urte baino ez dira igaro eta mundua nabarmen aldatu da: 2000 urtean Internet eta merkataritza elektronikoa hasi berriak ziren eta gaur egun, 6 urte ere igaro ez direnean, ia zero kostuarekin informazio ia infinitua eskura dezakegu. Fenomeno horren eragin sozialak, ekonomikoak eta politikoak igartzen hasiak gaude eta artean oso zaila da irudikatzea ere noraino hel daitekeen.

Globalizazioa ez da fenomeno berria. Gauza berri bakarra globalizazioaren etapa berri honetan nortzuk jarduten duten lankidetzan edo nortzuk lehiatzen diren da. XIX. mendearen zati handia agortu arte lehiatzen ziren horiek estatuak ziren, estatuek eratzen zituzten aliantzak eta horien artean borrokatzen ziren hegemoniak lortzeko.

XX. mendean enpresa multinazionalen ondorioz hala merkatuak nola lana mundu mailako kontu bihurtu ziren eta zati baten horri esker estatuak-nazioak aldarazi zituzten egitura politiko eta ekonomiko itzelak sortu ziren, adibidez Europar Batasuna bera edo berriagoak diren Mercosur edo Merkataritza Askeko Iparramerikako Ituna.

Azken sei edo zazpi urte hauetako berrikuntza bestelakoa da, eragileak pertsonak bihurtu direlako, eta hori horrela da informazioak eta zerbitzuak maila globalean trukatzeko sarea unibertsal bihurtu delako. Gaur egun prestakuntza, gaitasuna eta produktu edo zerbitzu bat sortzeko trebezia duen pertsona batek mundu osoan lehia dezake.

Horrexegatik orain, inoiz baino gehiago, Euskadik ahaleginak egin behar ditu nazioa eraikitzeko baliagarria den aktibo bakarrean: bertako jendea, gure jendea.

Beraz, kultura industrial batetik sorkuntzazko gizarte batera dagoen jauzia honela egingo dugu:

a) Kanpoarekin lankidetzan jarduteko eta kanpoarekiko irekitzeko dugun gaitasuna garatuz;

b) gaitasuna, berrikuntza, kultura eta sorkuntza erakartzeko tresna diren neurrian, unibertsitateen aldeko behin betiko apustua eginda;

d) nazio eraikuntzaren lehentasun osoa pertsonen hezkuntza integrala dela definituz;

e) Euskadi osoa hiri eredu lehiakorra bihurtuz, etorkizuneko bere ongizatea eta bere gizarte eredua nazio integratuan oinarritzen dituena.

Gure erronkarik behinena, Eusko Alderdi Jeltzalearen erronka nagusia, Euskadi aukera berrian mundu honetan kokatzea da –mehatxu ugari ere badituena- eta egin ere, aldi berean, gure nortasuna sendotuz eta finkatuz.

Baloreen nazioa

Gaur nazio izateak esan nahi du gure nortasuna, egiteko gure erak, gure tradizioak inkorporatu behar ditugula, hau da, historia osoan zehar euskaldunon ezaugarriak izan direnak egungo beharrizanei egokitzea eta, aldi berean, balore berriak aplikatzea. Balore horiek gure nazioaren oinarriak izan behar dute mende osoan, kontuan hartuta gurea bezalako herri txiki batentzat hiru arrazoi sendo daudela gure geure aukerei ekiteko.

Lehenbiziko arrazoia, XXI. mendean proiektu abertzalea sustatzeko barruko motorea identitarioa kulturala eta dela. Mundua eta ekonomia globalizatzen ari dira eta CNN berdin iristen da Bangalorera zein Larrabetzura. Lan egiten dugu Milanen edo Shanghain eta batean zein bestean ematen du mundua bera dela. Mundu osoan pelikula berberak kontsumitzen ditugu eta berriek argiaren abiaduran zeharkatzen dituzte kontinenteak. Gerta daiteke fenomeno honek ikara sortzea. Norgehiagoka gogorra da mundu irekian. Baina gizakiak sustraiak behar ditu. Norberaren kultura, erkidegoa behar du, bere burua identifikatzeko errealitatea. Horregatik inoizko zentzurik gehien du erkidegoen errealitateen identitateak. Euskal nazioa, gaur, hurbileko identitatea da. Munduan mugitzeko gure arima da.

Bigarrena lehenengoaren osagarria da eta, aldi berean, beharrezkoa, ekonomikoa da. XXI. mendean dirua eta informazioa nazioz gaindikoak dira; unitate txikiak bideragarriak izan daitezke ekonomikoki, eta lehiakorragoak. Azken urteetako arrakastaren benetako historien idazleak herri txikiak izan dira, esaterako Finlandia eta Irlanda, edo indartsu azaltzen diren erregio ekonomikoak, adibidez Bavaria Alemanian, Lonbardia Italian, Flandes Belgikan, edo Kansai Japonian. "Berezko esparru ekonomikoak" dira, dinamismo handiko herriak, ekonomiari dagokionez munduari irekita daudenak eta ekonomia handian integratuta. Hori guztia ez ezik, identitate propioa badute, mugitzeko eta erronkak planteatzeko gauza badira eta norabide berean elkarrekin arraunean egiteko, bada hori arima erkidea dutelako da, identitate erkide hori igartzen dutelako. Eta horregatik dira lehiatzeko gauza. Gaur euskal nazioaren aldeko apustua egitea aldi berean lehiakortasunaren eta bizitza kalitatearen aldeko aukera da.

Baina egon dago beste hirugarren arrazoi bat: solidaritatea. Gizarte lehiakorrean, errukirik gabekoa izaten denean, miseriak gogor jotzen du gaixo daudenen artean, ez jakinen artean eta gizarteari dagokionez desegituratuta daudenen artean. Eta erkidegoak balio handia du sare solidario unibertsala eraikitzerakoan. Hau da XXI. mendean proiektu abertzalea izatearen hirugarren arrazoia. Beti ere ahaztu gabe elkartasuna beste erkidego batzuetara eta gizaki guztiengana eraman behar dugun zerbait dela.

Ondorioz 2006 urtean nazio izateko apustuak esan nahi du derrigorrez inplikatu behar dugula geure burua gizarte berrizale baten eraikuntzan, aldaketei aurre egiteko kapaz izango dena, lana ondo egitearen garrantzia ezagutzen duten pertsona trebatuetan finkatzen dena, gurea bezalako identitate zentzu sendoa duena, erkidego osoko kideen solidaritatean inplikatzen den taldea eratzen duena eta epe luzeko proiektua konpartitzen duena. Munduari irekita dagoen euskal nazioa, sorkuntzazko diferentziari irekita, euren gaitasuna eta sortzeko trebeziak gurekin garatu nahi dituzten beste toki batzuetako pertsonak erakartzeko gauza dena. Eta pertsona horiek guztiek gurean identitate, dinamismo eta erkidego bihurtzeko esparrua aurki dezatela. Gurekin batera euskaldun izateko gogoa izan dezatela. XXI. mendean euskal nazioaren iraupena eta garapena bermatzeak esan nahi du gauza izan behar dugula euskaldunok identifikatzeko ditugun baloreak eta garatzen ditugun baloreak bizitza gurekin konpartitu nahi dutenentzat erakargarriak izan behar dutela.

Identitatea, irekiera, prestakuntza, sorkuntza, berrikuntza, erkidegoa, solidaritatea. Balore horiek definitu, barneratu, landu eta garatu behar ditugu nazioa eraikitzeko.

Bere burua eraikitzearen aldeko apustua onartzen duen nazioa, gainerakoentzako irekia, identitatearen, pertsonen prestakuntzaren, berrikuntzaren eta solidaritatearen erronka horietan aitzindari izateko autogobernu mekanismoak bilatuko dituena. Bere politikak, bere lehentasunak eta bere herritarren beharrizanak ezartzeko erabakiak hartzeko gaitasuna duena, inoren pentzudan egon gabe. Erabakitzeko ahalmenarekin eta itunak egiteko erantzukizun eta konpromisoarekin. Askatasun, erabaki, itun eta erantzukidetasunarekiko konpromisoa izango dituena.

Nazio lankidetzarako sasoia

Gaur euskal abertzaleok gure eguna ospatzen dugu. Aberri Eguna. Eta Eusko Alderdi Jeltzalean benetan erroetara jotzen duen mezu batekin ospatzen dugu. Gure ustez erabat delako errotikakoa konpromiso serio hau berrestea, euskal nazioa eraikitzeko konpromisoa, alegia.

Erroetara jotzeko sasoia da, edo, gauza bera dena, erradikala izatekoa. Ez erradikal terminoak egun duen zentzurik zabalduenean, horren arabera erradikala izatea edo erroetara jotzea abaguneko beroaldiaren sinonimoa delako, aldarri batena edo presazko kontu batena, baina gero eskatzen den hura eraikitzeko indarrik utzi eta gorde gabe. Guretzat erroetara jotzea, erradikala izatea, konpromisoa goitik behera betetzean datza.

EAJ-PNB, ezer bada, Euskadirekiko konpromisoaren indarra da. Konpromiso erradikala ekinak izanez eraikitzeko eta nazioa eraikitzeko. Urte askotan zehar frogatu dugun konpromisoa, izugarri aldatu diren abaguneetan, beti ere muga gure helburuan jarrita eta urratsez urrats aurrera eginda nazioa eraikitzen. Erroetara jotzen duen konpromisoa, hain zuzen ere inolako lotsarik gabe beti gure lehentasuna Euskadi dela esan dugunona. Eta segurtasun horrek beti bultzatu gaitu elkarrizketara, konpromisoa hartzera eta aurrera egitera, jakin dakigulako urrats bakoitzean gure izateko arrazoiak galdu ez ezik, kontrara gertatzen dela eta gure ametsetako nazioa eraikitzen dugula, gure buruak islatzen dituena eta guretzat eta gure seme-alabentzat nahi duguna.

Ekinak izan behar dugu, eta konfiantza behar dugu. Euskadi lehentasuntzat sentitzen duten pertsonak behar ditugu, norberari komeni zaionaren, interes pertsonalen eta alderdikerien gainetik. Konpromiso erradikala behar dugu. Gure historiaren gako honetan euskal nazioa eraikitzeko oinarri sendoak ezartzeko prest daudenena.

Egun hauetan itxaropena ezagutzen hasiak gara. Hamarkada luzeak iraun dituen tragediaren ostean ematen du zilegi dela bake eta askatasunera iristea. Ez da bide samurra izango, seguruenik makina bat oztopo eta eragozpen izango dituelako. Baina bakea irabaziko dugu. Hori da herri honen amets nagusia. Gure jendeak hori exijitzen digu, herri hau maite dugun guztiok hori lortzea exijitzen dugu. Eta hori ere konpromisotik abiatuta lortuko dugu, eta abertzale moduan jakin dakigulako gure diskurtso eta proiektu politikoan fedea eta konfiantza dugula. Prest gaude beste ezer egin aurretik, gure herriarentzat horrek izan dezakeen garrantzia gorabehera, bakeari lehentasun osoa emateko.

Baina bakea eta askatasuna lortuko dituen Euskadin ez dago aitzakiarik euskal gizartearen borondate demokratikoa eta horrek esparru juridiko-politikoan duen isla kontuan ez hartzeko. Hori da, euskal gizarteak bakea eta elkarbizitza politikoa eta soziala finkatzen lagunduko duten akordioak lortu ondoren, laster normalizazio politikoaren akordioari ekiteko bidea.

Prozesu honetan, berriz ere, guk guztiok daukagun onena erabiltzeko gauza izan behar dugu:

a konpromiso erradikala eta jarduketa koherentea, eta, aldi berean, euskal nazioa eraikitzeko akordioa era sendoan finkatuko duen hitzarmenaren aldeko ekinak izatea.

b argi edukitzea etorkizuneko akordio baten herri honetako sentsibilitate eta identitate politiko guztiak integratu behar dutela;

Gure nazioaren batasunaren aldeko apustu argia da, pertsona guztiak integratuko dituen nazio sendoaren aldekoa, bidea urratsez urrats egiteko beharrezkoa den iraunkortasunarekin, beti ere ikuspegia epe luzekoa dela eta etorkizunarekin fidatuz.

1988ko Aberri Egunaren Aldarrikapenean ere esaten genuen, eta gaur egun hitz horiek orduan baino balio gehiago dute guretzat: "Nazioa kohesioa da, identitatea, baloreen kategoriak konpartitzea, erkidegoaren sentitzeko era. Eta, batez ere, herri baten izate edo ez izaterako gakoak diren oinarrizko erronkei batera ekitea da. Gure lehenbiziko muga Herria izatera iristea da, askotarikoa baina homogeneoa, pairatzen dituen barruko zatiketak gaindituz edo arinduz".

Hori da, gaur, gure erronka nazionala. Euskadin sinesmen osoa dugunon erronka. XXI. mendean, sarean egituratuta dagoen munduan, informazioaren teknologiek eta mundializazioak sozietateak eta kulturak, ekonomia eta egitura politikoak eraldatzen dituzten unean, euskal nazioak inoizko zentzurik gehien duela oso argi ikusten dugunon erronka. Baloreetatik abiatuta eraiki den nazioa. Identitatearen balorea. Berrikuntzaren balorea. Prestakuntza eta ezagutzaren balorea. Gizarte kohesioaren balorea. Solidaritatearen balorea. Euren inguruan konpromiso erradikala eskatzen duten baloreak. Nazioa egunetik egunera eraikitzeko baloreak. Egungo euskal gizartearen eta bere borondate askearen errealitatean oinarrituta eraiki den nazioa.

Gora Euskadi askatuta

2006ko apirilaren 16an
Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
PDE-EDP