Artxibak

2013/06/14

Erramun Bachoc : « euskara berreskuratzea posible da » (2)

Zehaztasunak : Teoria hau proiektu baliagarri bat da estrategia orokor bat antolatzeko euskararen alde, hizkuntza politikari esker bai eta ere gizarte zibilaren ekintzen bidez.

rss Ezagutzera eman

Urraspide honen helburua da X eta Y hizkuntzen arteko elebitasunera heltzea, arriskuan den X hizkuntzaren onetan. Lehen lau urratsetan hizkuntza ahuldua indartzen da baina hizkuntza borroka hor dago. Bosgarren urratsean herri hizkuntzak bere toki osoa hartzen du gizartean, autonomia kulturalera heltzeko. Oreka hau J. Fishmanek "diglosia funtzionala" deitzen du Charles Fergusson-i jarraikiz. Guretzat "elebitasuna" izendapen baikorragoa da. Oharrak urratsez urrats euskara adibidetzat hartuz.

1. Funtsezkoa da  gogoan hartzea hizkuntzaren balioa eta jasaten dituen arriskuak. Lehen gauza da baieztatzea euskarak irautea merezi duela, ezin ordezkatuzko aberastasuna dela eta euskaltasuna sostengatu behar dela ahalik eta eremu gehienetan. Hizkuntza antolaketak hiztun-elkarte gutituaren kontzientzia sustatzen du biziberritze urraspidearen helburuak aitzinatzen diren neurrian.

2. Kulturgintzak erakusten du hizkuntza hiztun-elkarte bati lotua dela, eta beraz nortasun kolektiboari eta herriari. Ikuspegi politikoa ezin baztertua da. Hastapenetik ideologia argitu behar da. Sentiberatze denbora da hiztunak mobilizatzeko beren X hizkuntza ahuldua biziarazteko beren artean.

3. Familia eta auzunearen bidezko transmisioa erabakigarria da hizkuntzaren jarraipenerako eta molde horretan euskarak iraun du orain arte. Baina gaur egun familiak ez du trasmisio funtzioa betetzen, bereziki guraso bat erdalduna delarik. Aita-amen eginbidea da seme-alabengan euskal gogoa piztea, hizkuntza irakaskuntza eraginkor bat hautatzea eta tokiko kulturgintzan parte-hartzea.

4. Herri hizkuntzaren borondatezko ikaskuntza garapenaren ezinbesteko baldintza da. Ondorio eraginkorrak ardiesteko irakaskuntza eskaintza ikasle orori zalduko da, jende helduari eta gazteari. Urrats honetan aurkitzen ditugu euskalduntze egitarauak, gau eskola eta euskaltegietan, Helduen alfabetatze berreuskalduntze erakundearen zuzendaritzapean (HABE) Hegoaldean, eta (AEK) Afabetatze euskalduntze koordinakundean Euskal Herri osoan.

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
PDE-EDP