Artxibak
2014/06/19
Bakea irabazi
Jonan Fernandez, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzerako Idazkari Nagusia lehen aldikotz mintzo zen, Iparraldean, bake prozesuari buruz, Ekainaren 18an, Angelun. Bainan zertaz ari gira ? ETAk bortitzkeriarekin bururatzea erabaki du. Orrialde bat itzultzen da. Ez girea jadanik bake aro batean sarturik ? Zertan da baliagarri plangintza hau ?
Zauriak artatu
Jonan Fernandez-ek gizartean zabaldu ikuspegi orokor hori ezagutzen du. Bainan, bortitzkeriaren bururatzea ez da nahikoa. 50 urteko zauri larriak ez dira horrela gelditzen egun batetik bestera. Eta kasu ! Zauri horiek ez badira ongi artatzen, beste mailako tentsioak agert daitezke, beste toki batzuetan gertatu den bezala. Eusko Jaurlaritzak lan orokor bat eraman du jakiteko xuxen zoin diren bortitzkeriaren biktimak. Orotarat, 1004 jende hil dira, 837, ETAren hiltzeen gatik, 94, Estadoko Zainketa Indarren gatik, eta 73 hil, Eskuin muturreko edo polizia-ondoko taldeen gatik, ahantzi gabe, desagertu, kolpatu edo torturatu izan diren pertsonak. Balantze gogor hortaz zer egiten dugu ? Nazioarteko Legediaren arabera, biktima guziek egia, justizia eta erreparazioren eskubideak dauzkate. Onart daitekea adibidez, ETAren kasik hilketen erdien kasuak konpondurik gabe ez izanak eta biktimen senideak erantzunik gabe egoitea ? edo GALi buruzko ilun guneak ahanztea ? Seguraski ez.
Iraganaren azterketa amankomuna lortzea
Eusko Jaurlaritzak lan bat hasten du, zailtasunen gainetik. Abiatu plangintzak iraganaren, gaurko egoeraren azterketa helburutzat dauka, etorkizuna hobekiago preparatzeko. Iraganaren azterketa partekatua, urrats zailena da, bainan ezinbesteko urratsa. Bakotxak bere memoria dauka, bere egoeraren azterketa. Adibidez, batzuk bi aldeen arteko gatazka ikusten dute, bete batzuk talde terrorista baten bortitzkeri nagusia ikusten dutelakoan, beste motatako indarkeriekin. Alta, ahal bezain guttiegiko adostasuna lortu behar da gerorako gizarte harremanak hobetzeko. Jonan Fernandez-ek dio : « datu objetiboak badaude, bainan interpretazio esberdinak. Ezinezkoa izanen da interpretazio amankomun batetarat heltzea, bainan guttienez, mikro-adostasunak lortu behar dira. Adibidez, adostea pertsona batzuek lehentasuna eman diotela helburu batzuei ez direnak Giza Eskubideen balore absolutuak. Etorkizunean ez da gehiago horrelakorik gertatu behar. Balore etikoen gune bateratzailean aintzinatu behar gira. »
Plangintza bat bakea gizarteratzeko
Bake eta Bizikidetzerako plangintzak 18 ekimen dauka, 6 iraganaren azterketari buruz, bereziki txoxten zientifiko bat torturari buruz, 6 gaurko egoerari buruz eta 6 etorkizunari buruz. Plangintza horren izpiritua da ahal bezain bat, gizarte eragileekin lan egitea, iraganaren azterketa egiteko, etorkizuna preparatzeko gaurko tentsioak indargabetzeko eta gizarte harremanak hobetzeko. Eusko Jaurlaritzak lan egiten du unibertsitateekin, komunikabideekin, gatazka hortan inplikatu elkarteekin, Ertzaintzarekin, gazte kontseiluarekin, … egitarau konkretu batzuei buruz
Banaketa handiak sortzen dituzten arazoak gainditu beharko dira, Fernandez jaunaren arabera, besteak beste : « ETAren bururatze kudeaketa. ETAk indarkeria utzi du bainan oraindik arma hilgarriak baditu eta egoera hortan gelditzen da. Presoei buruzko politika tentsiogunea da, presoen hurbilketaren alde direnentzat eta horren aurka direnen artean. Giza Eskubideei lotutako arazo guziak aztertzea onartu behar da, ez bakarrik batzu onartuz, beste batzu ahantziz. Alderdi Politikoen arteko mesfidantza ikaragarriak adostasun zabal berriak oztopatzen dituzte. »
Bide luze bat abiatua da, zaila, korropilatsua, bainan espero dezagun urrats ttipi bakotxak adostasun gogotsuetaz hurbilzen gaituztela, nun mesfidantza eta bere jarreraren defentsa lekua utz dezaten bestearen egiazko entzuteari. Iduri lukeelarik dena bururatua dela sinpleago izanez, aro berri bat idekitzen da, zaila, bainan, interesgarria.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/22
BERRIA
2024/11/08
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09