Artxibak

2015/03/12

EAJ-PNBren hurbiltasun bide eraikikorra

Atzo Baionan, Aviron Bayonnais-ren egoitzan, EAJ-PNBk Martxoaren 22 eta 29ko departamenduko hauteskundeen hautagaiak aurkeztu ditu, Andoni Ortuzar, EBB, aberri zuzendaritzaren presidentea eta Txaro Goikolea, IBB, Iparraldeko zuzendaritzaren presidentearekin.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNBren hurbiltasun bide eraikikorra

ARGAZKIA JAITSI

Txaro Goikolea, IBBko presidenteak hauteskunde hauen testuingurua azpimarratu du : « 10 egunen buruan, Iparraldeko herritarrek beren hautetsiak hautatuko dituzte Pirineo Atlantikako departamenduarentzat. Hauteskunde berriak dira hauteskunde sistema berri batekin, kantonamendu berriekin, jakinez ere departamenduen geroa ez dela argia. EAJ-PNBk hautatu du 4 kantonamenduetan izaitea bere kemen guziak biltzeko gune hauetan ». Txaro Goikoleak EAJ-PNBren hautagaitzaren zentzua azaldu du : « mezu berezi bat pasarazi nahi dugu : arraberritze, modernizazio eta gardentasunaren mezua. Garaia da egiazko alternatiba aurkeztea herri hau eraikitzeko, egitasmo euskalzale, abertzale, demokrata, zentrista eta Europazale batekin. Eta epe motzean, egiazko podere baten alde lan egiten dugu, Iparraldeko Herri Elkargo batekin ».

Itxaro Bethart, euskal mendiguneko hautagaiak, euskara, gure hizkuntzaren gaia jorratu du ozenki erranez : « Zurekin hemen ! leloarekin aukezten dugun hautagaitza hau, egiazko hurbiltasunaren izaera defenditzen du. Euskara, gure herri eta barneko hizkuntza delako, hurbiltasun horren lehen adierazlea da. Guk badakigu egiazko hizkuntz politika bat hizkuntzaren ko-ofizialtasunarekin abiatzen dela ». Ko-ofizialtasunaren bidean sartu behar gira eta ez geldirik egon. Horretarako : « EAJ-PNBk Euskararen Lurralde Estatutu bat aldarrikatzen du, Iparraldeko egitura berrian, ofizialtasun konkretu baten lortzeko. Alor garrantzitsuetan, aintzinamendu garrantzitsuak bermatuko ditu. Adibidez, estatutu horrek eskualde hizkuntzen eurokartaren artikulu guziak har lezazke eta horietan garrantzitsuenak : hezkuntzaren murgiltze eta elebidun ereduak ; Estatutu horren bidez, hitzarmenak izenpetuak izanen dira tokiko zerbitzu publikoekin, komunikabideekin, euskararen presentzia bermatzeko … EAJ-PNBk aterabide eraikikor egingarri eta bateratzailearen bidea plazaratzen du ».

Francis Gellie, Uztaritze-Urdazuri eta Errobiko Ibarren kantonamenduko hautagaiak, gazteei zuzendu da erranez : « gazte ongi hezituak nahi ditugu, jakinez kolegioa, frantses hezkuntzaren ahulgunea dela. Departamendua askoz ausarto izan behar da sail hortan. Gure gazteek beren nortasunaz harro izan behar dira, gure herriaz, gure hizkuntzaz harro izan behar dira. Horretarako, ondare horiek gaur baino askoz gehiago helarazi behar ditugu, behintzat gazteek euskara errexki ikas dezaten. Munduari idekiak diren gaztean ere nahi ditugu. Beren ikasketak errexkiago herritik kanpo egiteko gaitasuna izan behar dute. Gazteak elkartasunaren motorrea izan behar dira, elkartasuna, euskal gizartearen aspaldiko balorea, bai auzoen artean eta bai belanauldien artean. Departamenduak etsenplua eman behar du, gazteei erantzukizunaren balorea helaraziz, bainan ere prebentzioa edo informazioa segurtatuz ».

EAJ-PNBk 16 hautagai aurkezten ditu, 4 kantonamenduetan : euskal mendiaren kantonamenduan : Itxaro Bethart eta Jean Michel Iribarne (hautagai titularrak), Marielle Aurnague eta Pampi Etchegaray (hautagai ordezkoak), Uztaritze-Urdazuri eta Errobiko Ibarrak kantonamenduan : Francis Gellie eta Nicole Renaud (hautagai titularrak), Renaud Albaric eta Eliane Neuville (hautagai ordezkoak), Donibane Lohitzuneko kantonamenduan : Gaxuxa Elhorga-Dargains eta Jean Pierre Etcheverry (hautagai titularrak), Maitena Ugarte-Alza eta Jean Marc Quijano (hautagai ordezkoak), Hendaia-Hego euskal kostalde kantonamenduan : Itziar Aizpuru eta Jean Tellechea (hautagai titularrak), Marinette Darguy-Aprendisteguy eta Laurent Lopetegui (hautagai ordezkoak). Beraz, EAJ-PNBk Xiberoan, Baxe Nafarroan eta Lapurdin, 3 lurralde historikoetan hautagaiak aurkezten ditu, euskal mendia kantonamenduak biltzen baititu Xiberoa eta Baxe-Nafarroaren zati handi bat, Garazi eta Baigorri aldeekin. Beste hiru kantonamenduak Lapurdin kokaturik daude.

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
PDE-EDP