Artxibak

2015/03/12

Eraiki beharreko lurralde baztertua

Jean Tellechea-k departamenduaren akatsak erakutsi ditu, bere ekimenetaz Iparraldea bazterturik egon baita. Gaxuxa Elhorga Dargains eta Andoni Ortuzar-ek Euskaldunen arteko lankidetza aipatu dute, gure geroa hobetzeko.

rss Ezagutzera eman
Eraiki beharreko lurralde baztertua

ARGAZKIA JAITSI

Gaxuxa Elhorga-Dargains, Donibane Lohitzuneko kantonamenduaren hautagaiak, mugazgaindiko harremanak goraipatu ditu : « alor guziak sustatu behar dira, hala nola, berrikuntza sarea lantegi, unibertsitate eta ikerketa zentroen artean, aktore ekonomikoen arteko sareak : kluster-ekin bezala, salmenta zirkuitoak sustatuz laborantxa elikagaiekin, lankidetzak formakuntza mailan, unibertsitateen artean edo formakuntza zentroen artean, osagarri sailean, tokiko erietxeen arteko harremanak …  EAJ-PNB, harreman horien Alderdi bultzagarria da eta bide hortan jarraitu behar du ».

Jean Tellechea, Hendaia-Hego Euskal Kostaldearen kantonamenduko hautagaiak deitoratu du : « Iparraldea ez da ongi tratatua, inbertsioen edo gizarte politikan, lurralde baztertua da ». Hainbat adibide eman ditu : « Gizarte agentziak daude Biarnoan, bat baizik badelarik Iparralde osorako. Egitura bat eraiki da, bakarrik Aragoiarekin lan egiteko. Iparraldeko zerbitzu publikoen egoera zaila da ». Jean Tellechea-k Departamenduaren axolagabekeria salatu du. « Zailtasun horien aintzinean, lurraldeen arteko berdintasuna galdegiten dugu. Horretarako ezinbestekoa da Iparraldeko Herri Elkargo bat lortzea ».

Andoni Ortuzar, EBBko presidenteak etorri da ere Iparralderat gure hautagaien sustengatzeko. Berak orroitarazi du : « Iparraldearekin dugun konpromisoa ezin dela inon zalantzan jarri ». Europar hauteskunde gaualdian, joan den Martxoaren 25an, orroitarazi du zoin pozarekin hartu zuten Iparraldeko emaitza, lagungarri izanez EAJ-PNB lehen Alderdia izaiteko 7 lurralde historikoetan. Ortuzar-ek Frantziako lurralde aldaketa salatu du ere, jakinez : « abertzaleontzat, behar beharrezkoa da erakustea herri honek bere kabuz gobernatu nahi duela eta erakunde propioak behar dituela . … euskal euroregioa osatzea ere bada gure helburua. Hori lortzeko, mugaz gaindiko lankidetza egiazkoa eta eraginkorra lortzeko lana egingo dugu. Lankidetza horrek hartzen ditu giza jardueraren esparru guztiak : lankidetza ekonomikoa, lankidetza soziala, sentimenduak ere tartean daude, kultura, euskara, denok lotzen gaituen hizkuntza. Hegoaldekoek Iparraldera begiratu behar dugu, eta jakin badakigu Iparraldeak etorkizun hobea aurkituko duela Hegoaldera begiratzen badu ; bion artean urte luzeetan banatu eta urrundu gaituen muga hori ezabatzen badugu. Begirada batez ikusten da : Iparraldean basamortu berdez betetako kilometroak ; hegoaldean, besoak zabalik ditugun bi milioi eta erdi euskal herritar. »

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
PDE-EDP