Artxibak

2015/03/12

Andoni Ortuzar : « Gure konpromisoa Iparraldearekin irmoa eta aspaldikoa da »

Hala Andoni Ortuzar, EAJ-PNBko presidentearen hitzaldia, atzo, Baionan, etorria, EAJ-PNBko departamenduko hautagaiak sustengatzeko.

rss Ezagutzera eman
Andoni Ortuzar :  « Gure konpromisoa Iparraldearekin irmoa eta aspaldikoa da »

ARGAZKIA JAITSI

« Txaro Goikolea gure presidenteak, argi eta garbi esan du. EAJ-PNB da egitasmo euskaltzalea, abertzalea, demokrata, zentrista eta europazalea. Egitasmo bakarra, begirada bakarra, Bidasoaren alde bietan. Berbera. Egitasmo handia, bai, Euskal Eurorregioa delako gure helburua. Ez diogu horri uko egiten. Baina, aldi berean, alderdi xumea gara, bai. Xumea baina, batez ere, koherentea.

Gaur, hemen, Baionan, ez dut esango Gasteizen, Donostian edo Iruñean esaten ez dudana. Guk ez diogu inori hitz egiteko baimena eskatu behar. Guk ez diogu Parisi edo Madrili galdetu behar, erabaki bat hartu behar dugunean. EAJ gara gu. PNB edo PNV. Alderdi bat eta bakarra, Aberri bat eta bakarra garelako.

Duela hamar egun, harro esan nuen Bilbon, martxoan Frantziako kantonamenduetarako hauteskundeetan parte hartuko dugula. Hautagaiak aurkezten ditugu Iparraldeko 12 kantoietako lautan. Batzuek pentsatuko dute gutxi direla, zenbakia txikia delako;baina guretzat oso zenbaki handia da, hautagaiak kalitate handikoak direlako. Eta arrazoiak baditugu hori esateko. Konfiantza osoz esaten dizuet.

Une honetan azaldu nahi nizueke EBBren presidente naizenetik bizi izan dudan momenturik hunkigarrienetako bat. Hego Euskal Herriko EAJ Iparraldera begira egon da beti. Uste dut Iparraldearekin dugun konpromisoa ezin dela inon zalantzan jarri. Horregatik kontatu nahi dizuet iragan maiatzaren 25ean gertatu zena. Hauteskunde gaua zen. Europar Hauteskundeak.

Oso emaitza onak lortu genituen EAEko hiru herrialdeetan, baina Hegoaldeko lau herrialdeetako batuketak bigarren tokian jartzen gintuen. Bat batean, baten batek ozen esan zuen –uste dut Aitor Olaizola izan zela–: “Adi! Iparraldetik boto pila bat helduko zaigu”, esan zigun.
Zenbat? “Zazpi milatik gora”. ¿ Zazpi mila? Batzuek esango dute gutxi direla; ba, niretzat, orduan eta orain, asko dira, asko! Kopuruan eta kalitatean.

Gau hartan, Bidasoaren Iparraldean jaso genituen kasik zazpi mila berrehun botok lagundu ziguten Euskal zazpi lurraldeetan lehen indar izaten. Eta, benetan ospatu genuela! Eskerrik asko bihotz-bihotzez! Ez dizuegu kale egingo. Izaskun Bilbao, aurreko legealdian egin zuen bezala, jo eta ke ari da Bruselan eta Estrasburgon Iparralderen interesak defendatzen.

Hauek ez dira “beste hauteskunde batzuk”. Lehen aldiz, 12 kantonamendu izango dira, eta ez 21, Iparraldeko lurraldeak hartzen dituztenak. Hori ere, Hollande presidentearen Gobernuak bultzatu duen lurralde ereduaren erreforma okerraren ondorioa.

Txarok aipatu du etorkizuna ez dagoela argi, eta hori bera esaten dut nik ere. Departamentuen etorkizuna zalantzan dago. Eta, beren eskumenak, are gehiago. Abstentzioa mehatxu argia da. Demokrazian, logikoena da bozkatzea. Eta abstentzioa borrokatu behar dugu, eta guk, inork baino gehiago. Abertzaleontzat, behar-beharrezkoa da erakustea herri honek bere kabuz gobernatu nahi duela eta erakunde propioak behar dituela.

Ia 20 urte beteko dira Frantziar Estatuan gure izen propioarekin aurkeztu ginen lehen hauteskundeetatik. Orduan bezala, tokian tokiko boterea aldarrikatzen dugu, lurralde elkargo bereziaren bidez edo Iparralde osorako aglomerazio elkargo baten bidez. Euskal Eurorregioa osatzea ere  bada gure helburua. Hori lortzeko, mugaz gaindiko lankidetza egiazkoa eta eraginkorra lortzeko lana egingo dugu.

Lankidetza horrek hartzen ditu giza jardueraren esparru guztiak: lankidetza ekonomikoa, lankidetza soziala, sentimenduak ere tartean daude, kultura, euskara, denok lotzen gaituen hizkuntza… Hegoaldekoek Iparraldera begiratu behar dugu, eta jakin badakigu Iparraldeak etorkizun hobea aurkituko duela Hegoaldera begiratzen badu; bion artean urte luzeetan banatu eta urrundu gaituen muga hori ezabatzen badugu. Begirada batez ikusten da: Iparraldean basamortu berdez betetako kilometroak; hegoaldean, besoak zabalik ditugun bi milioi eta erdi euskal herritar.

Duela urte bat, hementxe bertan, Baionan, udal hauteskundei begira, gizartea altxatzeko efektua sortzeko aukera eta helburua bagenituela aipatu nizuen. Benetan uste dut Iparraldea esnatzen hasia dela. Baina oraindik indartu behar du bere arima euskaltzalea, bere nortasun ikurrak berreskuratu behar ditu, hezkuntza publikoarekin konpromisoa hartuz , eta euskara, gure hizkuntza, aitortua izateko helburuarekin. Gizarte aliantza sortzeko aukera baliatu behar du, gure bakantasuna, gure berezitasuna errespetatuko duen egituraketa administratiboa bideratzeko. PNBk esparru mugatua du Iparraldean. Presentzia xumea da, bai, baina proposamen handia du. Konpromiso irmoa eta aspaldikoa dugu herri honekin. Ez dezala inork zalantzan jarri ".

 

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
PDE-EDP