Artxibak
2015/04/03
« Herriz, Herri, Aberri ! »
Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarraren presidenteak, eta Joseba Aurrekoetxeak, EBB-ren Antolakuntza burukideak, elgarrekin aurkeztu dute EAJ-PNB-k heldu den igandean, Bilbon, Aberri Egunaren kariaz ospatuko duen jaia.
‘Herriz Herri, Aberri!’ goiburupean, talde jeltzaleak bere ekitaldi politikoa egingo du Bilboko Plaza Barrian. Ekitaldia 11:30ean hasiko da eta EBB-ren presidente Andoni Ortuzar; Iñigo Urkullu lehendakaria; eta Diana Gonzalez EGI gazte erakundearen arduraduna izango ditu hizlari. Eguerdi aldean jaia Bilboko Areatzan eramango da eta, aurreko urteetan bezala, 1.100 pertsona bazkaltzeko elkartuko dira eta bazkaria eta musika partekatuko dute.
Atutxa eta Aurrekoetxearen erranetan, EAJ-PNB-k 2015 honetan ospatuko duen Aberri Egunak omenaldi bikoitza ekarriko du. Alde batetik, « Herriz, herri, Aberri! » goiburuarekin Herriko Etxe guziak eta herriak hobetzeko konpromisoa hartzen duten pertsona guziak omendu nahi ditu. EAJ-PNB-k herri mailan jarduteko bokazio handia izan du beti eta esaldi horrekin kudeaketa “ttipia” aldarrikatu nahi du, aberri mailan lorpen handiak erdiesteko bidea den heinean. EAJ-PNB-k zentzu horretan ere omendu nahi du Sabino Arana fundatzailea, 2015 urte honetan bere sortzearen 150. urteurrena ospatu delarik.
“Aberri Eguna 1932 urtean ospatu zen lehen aldiz”, gogoratu du Atutxak. “ Gaur, orduan bezala, tematuta gaude, eta helburu demokratikoa dugu, euskal nortasun berezitua aitortua izan dadin herritarren gehiengoaren borondatean oinarri, beren berezitasun instituzional eta politikoa normaltasun osoz adierazten duten beste erkidegoen maila berean. Euskal Herria, Euskadiren egitasmo politikoan egituratua, nazio izatea nahi dugu, Europar beste nazioek osatzen duten maparen baitan. Euskal aberriaren aldarriak ez dakar beste errealitate batzuk ukatzea. Hizkuntza, kultura, tradizioa eta historia partekatzen duelako, balore partekatuak dituen elkargoaren borondateari lotzen zaio. Ezaugarri horiek dira, hain zuzen ere, zuzenbide alderatuak kontuan hartzen dituenak, herrialde propioa duen komunitatea identifikatzeko orduan. Euskal abertzaletasuna, beraz, ez da ezeren edo inoren kontra egiteko mugimendu bat. Nortasun propioa aldarrikatzeko apustu irmoa da. Kanpotik etor daitekeen laguntzari edo lankidetzari uko egin gabe. Baina, hori bai, berdinen arteko abiapuntu batetik sortzen den egoeran, eta inoiz ere mendekotasun harremanaren baldintzapean edo besteren batek emandako subiranotasunean oinarrituta ”.
“Horregatik”, bururatu du burukide jeltzaleak, “ Euskal emakume eta gizonak animatu nahi ditugu bake eta askatasunez bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatzera, gu guztiok identifikatzen gaituen ikurrina kalera ateratzera; keinu horren bidez, Herri berria eraikitzeko dugun borondatea erakutsiz; gizarte berria, non guztiok gure iritziak emateko eskubidea eta gure erabakiak hartzeko ahalmena izango dugun, giza eskubideei zor zaien errespetuaren babesean ».
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/22
BERRIA
2024/11/08
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09