Artxibak
2015/08/27
Gernikako zina
1895eko Uztailaren 31n ikusi zuen argia Euzko Alderdi Jeltzaleak, eta euskal aberria eraikitzeko eta askatzeko tresna gisa sortu zen. Ordutik hona, 120 urte igaro dira, eta euskal emakume eta gizonen belaunaldi ezberdinek erakunde politiko honen historia idazten segitu dute. Milurteko berriaren hasieran gaudela, Euzko Alderdi Jeltzalea kementsu eta indar berrituta agertzen zaigu.
EAJ-PNB alderdi honek gorpuzten duen euskal abertzaletasunak orain arte ez du sekula izan oraingoa moduko ordezkaritza instituzionala. Herri honekin daukagun konpromisoa, bere babesa eman diguten pertsonekin zein gainerako beste guztiekin daukagun konpromiso hori, gorenera eraman behar dugu orain. Gernikako lur santu honetara etorri gara gaur, euskal gizarteari gure begirunea eta atxikimendua erakustera, eta bere zerbitzura gaudela eta egongo garela berrestera.
Aurreko denboretan egin izan dugun bezala, Sabino Aranak sortu zuen erakundearen oinordeko garen gizon eta emakumeok, gaur egun Euzko Alderdi Jeltzalea osatzen dugun alderdikideok, zera adierazten dugu:
1.- Euskadi da gure Aberria.
2.- Herri bat osatzen dugu. Zazpi herrialdetako herritarrak gara, eta jatorri eta borondate berberak elkartzen gaitu. Kultura bat, hizkuntza bat eta egitasmo juridiko-politiko baten barruan gure elkargoa Nazio deitzeko borondatea dugu.Gure geroaren jabe izateko borondateak batzen gaitu, erabaki esparru desberdinak dituen subjektu politikoa izateko helburuak gidatzen gaitu.
3.- Nazioa eraiki nahi dugu beren etorkizun pertsonala edo beren familia osoaren geroa gure herri txiki honen etorkizunarekin lotzeko asmoa izan dezaketen guztiekin. Gure herriak ez du besteak baino hobea edo okerragoa izan nahi, baina bere nortasun propioa izateko helburua defendatzen du. Garena maite nahi dugu, baina ez garena gaitzetsi gabe. Eta "izate" horretan ulertzen dugu euskal nortasuna giza garapenerako faktorea dela; solidariotasunean oinarrituko den etorkizuna garatu nahi dugu, pertsonak babesik gabe uzten duen indibidualtasunaren aurrean; baloredun erkidegoa garatu nahi dugu, denon ongia, hazkunde ekonomiko,kulturala,soziala eta politikoa bultzatzeko. Solidariotasunez egin nahi dugu, pertsona guztiei zor zaizkien eskubideekiko errespetua gordez.
4.- Euskara da gure herriaren hizkuntza, eta euskara suspertzea da gure lehentasunik nagusienetakoa. Gure herrian hitz egiten diren hizkuntza guztiak errespetatzen eta geureganatzen ditugu. Hizkuntzak ezin dira ukatu; landu egiten dira, pertsonak aberasten laguntzen dutelako, beren adierazpena eta elkarbizitza indartzen dutelako.
5.- Askatasuna eta justizia dira gure elkarbizitzaren oinarriak. Ez dugu jauntxokeriarik onartuko,ezta inoren mendeko izaterik ere, gure asabek halakorik onartu ez zuten bezala. Guk ordezkatzen dugun euskal nazio proiektuan atxikimendu askean oinarritutako formulak baino ez dira onartuko. Behartze eta inposaketa eredu guztiak gaitzesten ditugu, herritargoaren borondate askeari jarriko zaizkion edonolako eragozpen edo mugak errefusatzen ditugun modu berean.
6.- Inor ez da beste inor baino gehiago, eta denok merezi dugu gure ideiak, erabakiak eta egintzak errespetatuak izatea. Ez dago herririk besteak baino duinagoa denik. Arrazakeria errefusatzen dugu, uko egiten diogu herri batek beste herri bat menderatzeari eta gure herriaren edo beste baten baloreen, borondatearen eta izaeraren arabera izateko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.
7.- Kausa politikorik ez dago etikaren oinarrizko printzipioen edo giza eskubideei zor zaien errespetuaren gainetik jar daitekeenik. Giza eskubideak dira kausa ororen gainean dagoen kontzeptu etiko absolutua.
8.- Gizarte justiziarik edo berdintasunik gabe, ez dago demokraziarik. Gizakien arteko harremanak emakume eta gizonen arteko berdintasunean baino ezin dira oinarritu. Aukera berdintasuna, eskubide eta derrigorren berdintasuna. Berdintasuna legearen arabera, parte hartze aktiboan eta lana eta bizitza pribatua uztartzeko momentuan.
9.- Mendeetan zehar abegi eman digun natura zaintzeko eta babesteko konpromisoari eusten diogu. Gure derrigorra da gure ingurumena babestea. Gizakien eraso arrazoigabetik babestu eta zaindu behar dugu. Gure herriek eta hiriek; mendi, zelai, ibai, baso eta kostaldeek osatzen dute gure ondoren etorriko diren belaunaldiei utzi behar diegun ondare iraunkorra.
10.- Gure jarduketa politikoa da euskal gizarte osoari eskaintzen diogun zerbitzua. Aberria herrialdea baino gehiago da. Aberria ere badira aberri kontzeptuarekin identifikatzen diren pertsonak. Pertsonak dira, beraz, gure ahaleginaren hartzaile nagusiak. Ez dugu ahazten gure eginkizun nagusia dela euskal emakume eta gizonen zoriontasunaren alde lan egitea. Beren duintasun eta segurtasunaren alde, bizikidetzaren alde, pertsona guztiek taldeka eta banaka merezi duten aurrerapen eta arrakastaren alde.
Gernikako Arbolaren pean, gure eskubideen eta gure nazio izaeraren ikur nagusiaren aurrean, zin egiten dugu zintzotasun osoa erakutsiko diogula Euskal Herriaren kausari, eta sekula ere ez dugula interes partikularrik Aberriaren interesen gainetik jarriko. Eta, apaltasun osoz egiten dugu, zintzotasun eta zuzentasunez. Gardentasun osoz eta gure derrigorra betetzeko borondatearekin.
Eraikitzeko prozesuan dagoen Aberriko kide sentitzen garelako, eta horixe izan delako lehen eta orain gu guztiok batu izan gaituena: ikasiak eta ikasi gabeak; profesionalak edo industriako, nekazaritzako eta itsasoko langileak; emakume eta gizonak; helduak eta gazteak.
Gure artean heziketa, sinesmen, maila ekonomiko edo gizarte prestigio alorreko ezberdintasunak izan daitezkeen arren, bada zerbait guztiok batzen gaituena: euskal herritarrak gara eta gure Herria defendatzeko eta haren zerbitzura egoteko nahiak gidatzen gaitu. Gurea da herriari aurrera egiteko bultzada eta indarra emateko borondatea, gure aberriarentzat lor ditzagun munduko herri eta nazioen artean merezi dituen aitortza eta egokiera.
Hona hemen gure zina. Ongi jabeturik gaude hori betetzeak gure aurrekoei odola isurtzea, erbestea eta espetxea ekarri ziela (1). Hemen eta orain hitza ematen dugu guk ere konpromiso irmo hau beteko dugula bakoitzaren egoera pertsonalaren eta denboraren gorabeheren gainetik.
Gernikan, 2015ko Uztailaren 19an
(1) Ohar bat : bereziki Hegoaldeko eta Espaniako historiari lotuak dira odol isurtze, erbeste eta espetxeak, XX. mendean, Primo de Rivera diktaduraren pean, 1923tik, 1930 arte, Espaniako guda zibilaren garaian, 1936tik, 1939a arte eta Frankismoaren garaian, 1939tik 1975a arte.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/22
BERRIA
2024/11/08
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09