Artxibak
2015/12/03
Euskararen Nazioarteko Eguna 2015 - EAJren EBBren adierazpena
Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da beste behin. Inoiz ez dator alperrik, euskararen sustapenari dagokionean egindakoez gogoetatzeko eta etorkizuneko erronkak zehazteko baliagarri baita beti.
Aurten euskaldun berriei eskaini nahi zaie, euskarak aintzina egiteko ezinbesteko izan diren horiei. Euskal gizartea ez da berez euskaldundu azken hamarkadotan, erakunde, eragile eta norbanako ainitzen borondateari eta ahaleginari esker baizik. Guztiz aitortzekoa eta txalotzekoa da gizarte elebidunagoa osatze aldera milaka herritarrek euskara eurenganatzeko egindako urratsetako bakoitza, euskararen aldeko guzti horien hautua. Hizkuntzaren aintzinakada eurei dagokie neurri handi batean, hogeita hamar urteotan Euskal Autonomia Erkidegoan euskaradun bihurtu diren 300.000tik gora lagunei eta Euskal Herri osoan helburu berberak bultzatuta egin diotenei. Asko zor zaie bizikidetzaren eta gizarte-kohesioaren aldetik, benetako elebitasunerako bidean eman dutenagatik. Hizkuntza askatasuna ofizialak diren biak menperatzetik dator, gurea baino ez dena zaindu, babestu eta sustatzetik. Eta asko izan dira, ahal izan duten neurrian ikasiaz, zailtasunez eta gabeziaz betetako garaietatik ekarpena egin dutenak eta euren seme-alabei ere euskararekin bat egiteko hautua eman dietenak.
Dei egin nahi diegu alderdikide eta alderdizale guzti-guztiei euskararen aldeko konpromiso sendoa har dezaten, bakoitzaren esparrutik gure hizkuntzaren hazia ereiten jarraitzeko. Ez dago ezagutzarik gabeko erabilpenik, baina behin ezagututa erabili egin behar da. Euskarak nekez joko du aintzina egunerokoan ahal denero mihi-ezpainetan eragiten ez bazaio, plazara eta mundura jalgi dadin bakoitzak bere aletxoa jartzen ez badu. Gure nortasunaren ezaugarri oinarrizkoenetakoak hiztunak behar ditu, gero eta komunitate zabalagoa, anitzagoa eta indartsuagoa osatzeko. Eta helburu hori lortze aldera euskaldun berriek ekarpen oso berezia egin dute, kostatakoa, balio erantsikoa. Guztion esker ona merezi duena. Hortik jo behar da aurrerantzean ere, kanpotik datorren jatorri eta sinesmen ezberdinetako lagun oro euskarara ekartzeko eta gure gizartean trinkotzeko. Euskaldun berri andanak emango dio euskarari gurean dagokion lekua, maila eta modu guztietako hiztunek aberastu eta osatuko baitute. Irabazitako horietako bakoitzak euskaraz aritzeko aukerak zabaltzen dizkio inguruko hiztun bakoitzari, egungo desorekak gainditzeko nahitaezko direnak.
Euskal gizarteak behin eta berriro erakutsi du euskara besteen pare nahi duela, eta erakunde demokratikoetatik egindako lana da horren isla. Hauen eta hezkuntza sistemaren lana osatu dute euskaldun berriek, debekuen eta jazarpenaren erruz itolarrian zegoena biziberritzeko. Euskararen Nazioarteko Eguna ez da oharkabean joatekoa, aldarrikapen hutsalekin estaltzekoa. Ginena eta garena izaten jarraitzeko asmoa berresteko eguna da, euskaldun egiten gaituena gogoratzekoa eta, batik bat, konpromiso zehatzak hartzekoa. Euskarak gutariko bakoitzaren beharra du, bihotzean gordeta bai baina batez ere eguneroko jardunean baliatuta, hainbat eta hainbat euskaldun berrik hutsetik abiatuz luzaroan egin duten bezala.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/22
BERRIA
2024/11/08
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09