Artxibak

2016/12/22

EAJ-PNB-k pozik hartu du Luhusoko bost atxilotuak aske utzi dituztelako albistea eta armagabetze ordenatu eta seguruaren aldeko apustua berretsi du

Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek parte hartu du erakunde politikoek, sindikatuek eta elkarte ezberdinek izenpetu duten agiriaren irakurketan.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNB bat dator adierazpen honetan esandako guztiarekin. Erakunde politikoek, sindikatuek eta elkarte ezberdinek izenpetu ondoren irakurri da Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar ere bertan izan delarik.

Prentsa agerraldi honetan bildu garen alderdi eta sindikatuok balorazioa egin dugu joan den ostiralean izan zen Luhusoko operazioaren ondoren sortu den egoerari buruz, eta honako gogoeta eta eskariak plazaratu nahi ditugu :

1- Gure poza agertu nahi dugu aske utzi dituztelako atxilotu zituzten pertsonak: Txetx Etcheverry, Michel Berhocoirigoin, Béatrice Molle-Haran, Michel Bergougnan eta Stéphane Etchegaray. Halaber, oso positiboa deritzogu ehundaka hautetsi eta kargu instituzionalek adierazi duten konpromisoari, baita izan den mobilizazio sozialari ere; hori izan da zati handi batean gertatu denaren arrazoia.

2- Joera politiko guztietako Iparraldeko hautetsi asko eta askok egin duten bezalaxe, espainiar eta frantses gobernuei eskatzen diegu beren ardura aintzat har dezatela eta lagun dezatela armagabetze ordenatu, kontrolatu, seguru eta gardena izan dadin, antzeko kasuetan aplikatu ohi diren nazioarteko estandarren arabera.

3- Uste dugu eginkizun honetan beharrezkoak direla egiaztatzeko tresna independenteak, esaterako Nazioarteko Egiaztatze Batzordea, zeinak gure erakunde, alderdi eta euskal jendarteko antolakunde errepresentatiboek aitorpena duen. 

4- Halaber, nahiko genuke Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, segurtasun arloan dituzten eskumenak medio, lagungarri izatea armagabetze hori arrakastaz gara dadin. Gasteizko eta Iruñeko parlamentuek, baita Iparraldean eratuko den Lurralde Elkargoak, prozesu horren jarraipena egiteko aukera izan behar dute.

Ziur gaude armagabetze hau arrakastaz burutzeko berebiziko bultzada izan daitekeela erakunde errepresentatiboen, egiaztatze instantzien eta jendarte zibileko antolakundeen arteko artikulazio egokia. Horregatik, gaur eta hemen gure erakunde politiko eta sindikalek bakearekin duten konpromisoa adierazten dugu.

Bilbo, 2016ko abenduaren 22a

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
PDE-EDP