Artxibak
2017/03/08
Emazteen Nazioarteko Eguna. EAJ-PNBren adierazpena 2017ko martxoaren 8an
Berdintasuna Giza Eskubide bat da, demokratiko deitzen diren edo demokratikotzat jotzen diren gizarte guztiek errespetatu, bideratu eta bultzatu behar dutena. Berdintasunak ahalbidetzen du emakumeek zein gizonek beren gaitasun guztiak garatzeko eta beren erabakiak hartzeko aukera izatea, genero estereotipoek inposatutako mugarik gabe. Ondorioz, generoen arteko berdintasun eza da gizarte aintzinatua giren aldetik borrokatu eta desagerrarazi behar dugun mehatxu nagusienetako bat.
XXI mendeko bigarren hamarkada nahiko aintzinatuta dagoen honetan, eskura ditugun ahalegin, baliabide eta tresna guztiak baliatu behar ditugu indarkeria matxistari burutatzea emateko helburuarekin premia osoz egin behar dugun lan honetan. Horretarako, gizarte mailan emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko egiten dugun lana bikoiztu eta indartu behar dugu, bereziki gazteen eta gizonezkoen artean eta basakeria honen sorburuan ahalegin berezia eginaz, hau da, emazteen eta gizonen arteko berdintasun eza. Erabakitzeko prozesuetan emazten eta gizonen parte hartze orekatua bermatzea da edozein gizarte aintzinatuan eman behar den baldintzetako bat. Hala adierazita dago Toki mailako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Kartan. Agiri horretan, Gobernuei eskatzen zaie behar besteko neurriak eta estrategiak har ditzatela erabaki esparru guzietan emazte eta gizonen arteko ordezkaritza eta parte hartze orekatua sustatzeko.
EAJ-PNBk uste du Euskadiren garapena aukera berdintasunean oinarritu behar dela eta, oso modu berezi batean, emazte eta gizonen aukera eta lan baldintzak parekatzeko orduan. Horregatik, hain zuzen, gure ahalegin guztiak bideratu behar ditugu pertsonen artean egiazko hautu berdintasuna bermatzera. EAJ-PNBren konpromisoa da berdintasuna eta nortasuna bultzatzea, elkarbizitzarako egitasmo sendoa eraikitzeko oinarrizko elementuak diren aldetik. Apustu irmoa egiten dugu aukera berdintasunaren alde, emazteen ahalduntzearen alde eta, oreka sozialerako eta elkartasunerako motorea den aldetik, aniztasuna errespetatzearen alde.
EAJ-PNBn ongi baino hobekiago dakigu zertaz ari giren emazteek etorkizun gizabidezkoagoa, zuzenagoa eta bizitzeko egokiagoa eraikitzeko lana egin dezaketela eta egin behar dutela erraiten dugunean. Izan ere, emazteek funtsezko eginkizuna bete izan dute Euskadi herriaren historian eta 1895ean sortu zen alderdi honen ibilbidean. Guda zibila baino lehen, guda garaian eta guda ostean, klandestinitatean eta demokrazian, EAJ-PNBko emazteek, alderdikide zein alderdizaleek, lan eskerga egin zuten, ordainezina, ia beti itzalpean eta guttitan behar bezala eskertua. Gaur uste osoz eta irmotasun osoz erraiten dugu gure alderdi hau ez litzatekeela ulertuko iraganeko emazte alderdikide haiek egin zuten ahaleginik eta lanik gabe eta gaur egungo emazte alderdikideen esfortzurik gabe. Horregatik, iragan larunbatean, Sabin Etxean, omenaldi hunkigarria eskaini genien eta ondo merezitako esker ona adierazi genien atzoko eta gaur egungo emazteei eta, horiei guziei esker, bihar izanen diren emaztei ere bai. Horregatik guziagatik, EAJ-PNB osatzen dugun emakumeok eta gizonok, gaur, 2017ko martxoaren 8an, gure konpromiso hauek berretsi nahi ditugu :
- Emazte eta gizonen arteko egiazko berdintasun eraginkorra lortzeko urrats sendoak ematen jarraitzea, zentzu honetan aintzina egiten lagunduko digun balore aldaketa sustatuaz.
- Hiritargoa berdintasunaren balio sozialaz eta berdintasun horrek gizarte aintzinatua lortzeko orduan dituen inplikazioen balioaz kontzientziatzea.
- Herri karguetan zein barne karguetan dauden EAJ-PNBko kideak berdintasun alorrean prestatzea.
- Indarkeria matxistari "gerra adierazpena" egitea, berdin dio nolakoa den, fisikoa edo psikologikoa, presentziala zein birtuala.
Konpromiso hauek ikusarazteko eta eskubideen berdintasunean oinarritutako gizartea aldarrikatzeko, Bilbon, Sabin Etxean lan egiten dugun emakumeok eta gizonok gaur goizean 11:30etik goiti, hamar minutuko geldiunea egiten dugu Euzkadi Buru Batzarraren egoitzaren aintzinean.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/22
BERRIA
2024/11/08
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09