Artxibak
2018/03/19
Gure biziak osoki kontrolatzeko ahala izan behar ote dugu?
Bi urte baizik ez dira bizi amaierari buruzko Clayes-Léonetti legeak indarrean direla. Eta, jadaneko, eztabaida sortu dute; hainbestetaraino, non gaur egun 156 diputatuk lege berri bat aldarrikatzen baitute. Heriotza hobeki begiratzea eta kudeatzea galdetzen dute. Egun, terapia gehiegikeriari buruzko legeak eztabaidan ezarriak dira. Gizarteak jendeen biziaren errespetuari buruzko eztabaida berri bat abiatu behar du. Gizabanakoaren askatasun afera bat da.
Medikuntzaren aitzinamenduek eri diren pertsonen bizia berant arte luzatzeko ahala ematen dute. Bada, ahal berri honek ez al du naturaren ordena eta bizi amaierara heltzen diren jendeen duintasunaren errespetua zalantzan ezartzen? Nola saihestu terapia gehiegikeria? Bakoitzak dena kontrolatu nahi duen jendartean, nola errespetatu eriaren nahia?
Belgikan, Luxenburgon edo Herbehereetan, eri den pertsonak, nahi badu, eutanasia galdegin dezake. Amerikako Estatu Batuetako zenbait estatuetan edo Suitzan, lagundutako suizidioa egin daiteke. Mediku talde baten etengabeko zaintzapean, ahaide hurbilek azken instante horiek eriarekin iragan ditzakete. Estatu horietan, herritarrek askatasun berriak dituzte. Izan ere, hiltzeko mementoa hautatzeko eskubidea eskaintzen zaie, eta, gainera, erabakian gibelera egiteko aukera badute.
Memento tragiko horren inguruan, jokoan dena ez da bakarrik behin betikoz joatearen ideia. Jokoan dena gizabanako orok nola hil erabakitzeko duen askatasuna da. Beste erresumetako legeek oroz gainetik herritarraren esku uzten dute erabakia, medikuek edo ahaide hurbilek muturreko ardura hori hartu behar izan gabe. Segur, gaur egungo kontsumo gizartean, gure bizitza eta bizi zikloa kontrolatzeko modu berri bat bezala uler daiteke hori. Baina, oroz gainetik, gizabanakoaren funtsezko askatasun bat betetzea da kontua. Eta EAJ-PNB alderdiak hori babestu nahi du.
Eztabaida deontologiko, filosofiko eta juridiko berri bat abiatu behar da
Herritar anitzek hurbileko eriak muturreko egoera mingarrietan hiltzen ikusten dituzte. Eta, horregatik, sufritzen dute. Egun, beraz, eztabaida berriz abiatu da. Gaur egungo eritasunek (bide istripuak, eritasun kardiobaskularrak, Alzheimerra…) batzuetan familientzat eta hurbilekoentzat oinaze egoera urragarriak eta egunerokoa betebehar berri horietara egokitu beharra eragiten dituzte. Eriarekin komunikatzea erdiesten ez den kasuetan, teknikak terapia gehiegikeria batzuk ekar ditzake. Eta, ondorioz, horrek eztabaida sortzen du.
Léonetti legea aski ona eta satisfagarria ez baldin bada, eztabaidatzen segitu behar da. Gure bizitzako une oro kontrola daitekeen jendartean, haurrak sorraraztetik (PMA, GPA…) heriotzeraino, eztabaida deontologiko, filosofiko eta juridikoa berri bat abiatu behar da, herritar bakoitzaren nahiaren errespetuan. Gizabanakoaren askatasuna da jokoan.
Pako Arizmendi, EAJ-PNBko presidentea
Argazki iturria : topsante.com
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/22
BERRIA
2024/11/08
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09