Artxibak

2018/03/19

« Errugbi amaturra eta profesionala euskal klub handi batean bateratu behar dira »

Ipar Euskal Herriak lurralde mailako errugbi klub bat behar du. Hala, barnealdeko zein kostaldeko errugbi zaleek « beren » talde profesionala sostengatuko lukete.

rss Ezagutzera eman
« Errugbi amaturra eta profesionala euskal klub handi batean bateratu behar dira »

ARGAZKIA JAITSI

Azken asteetako Biarritz Olympique Pays Basque eta Aviron Bayonnais errugbi klubetako barne eztabaidek 2015eko bateratzearen gertakaria arras irentsia ez dela erakusten dute. Egun, Euskal Hirigune Elkargoak eskaintzen duen instituzio eremu berrira egokitu eta lehengo erresistentziak gainditu behar dira. Jean-René Etchegaray lehendakariaren jarrera zuhurrak ipar Euskal Herriko errugbi profesionalaren lekuari buruzko eztabaida irekitzen du. Eta aitzinatu behar da.

Euskal errugbi amaturreko eragile guziak interesatzen dituen klub profesional bakar baten proiektua sustengatzeko garaia da. Errugbiaren elitean jokatzeko (Pro D2 edo Top 14 mailan), aipatutako bi kluben gaitasunak bateratzen dituen euskal talde handi bat behar da (Jean Dauger eta Agilera kirol zelaietan partidak aldizkatuz hasiera batean). Herri oso batek sostengatuko duen klub profesional horren sortzeko, egungo bi klubetako partaideen atxikimendua baitezpadakoa izanen da.

Euskal errugbia batzeko, hirigune bat

2015ean, bateratzearen afera izan zelarik, Pro D2ko beste klub bat, Pays d’Aix Rugby Club, Provence Rugby bilakatu zen. Mezua ezin argiagoa zen: Aix-Marseille-Provence metropolia berriko klub berriaren baitan Proventzako errugbiak bat egitea. Xedea ez da britainiar gisako probintzietako errugbi bat plantan ezartzea (Irlandako Munster edo Leinster klubek izen bereko probintzietako klubak bateratu dituzte). Baina, erran gabe doa kultur nortasun azkarra duten lurralde mailako klub profesionalak garatzea abantaila handia dela. Gainera, gaur egun, Frantziako errugbi profesionalean, hirigune elkargoetako metropolietako klubak dira nagusi. Ekonomiaren, merkataritzaren eta nortasunaren ikuspegitik, metropoliak hedadura bikaina du. Proventza eskualdean, Fédérale 1 Elitetik pasatako klub profesionalak hautu azkarra egin du. Tokiko errugbi eskolekin lotura egiten duen formakuntza zentroa eta akademia baditu. Lurraldeko politika, ekonomia eta kirol proiektua da. Euskal Herrian, Euskal Hirigune Elkargoa tokiko errugbia begiratzeko eta lurralde oso batek sostengatzen duen eliteko errugbi lehiakorra eta indartsua garatzeko instituzio egokia da. Klub honek, lurraldeko beste eragile batzuekin batera, Euskal Herriaren irudi bizia eta modernoa hedatzen lagun dezake. 

Euskal errugbi amaturra proiektu profesionalari juntatu

Euskal Hirigune Elkargoaren sortzea gaur egun errugbi amatur eta profesional osoa proiektu azkar baten inguruan elkartzeko parada ezin hobea da. Ipar Euskal Herrian, asteburu guziz lehiatzen diren nortasun handiko klub anitz badira. Klub horietako jokalari gazteen ametsa elitean jokatzea da. Etorkizun ederra duten gazte horiek detekzio eta formakuntza guneak diren tokiko errugbi eskoletatik jalgitzen dira. Biharko klub profesional bakar batentzat, hemen klub sare egituratu bat eta hainbeste trebatzaile, kirolari eta mediku izatea sekulako xantza da. Jokalari hoberenak euskal akademiara bideratzeko pasabide baliosa da. Bistan da, errugbi amaturraren eta profesionalaren arteko harreman hori indartzeko, biharko klub profesional bakarrak « arduradun » guzi horiek diruz lagunduko lituzke. Bide beretik, adibidez, Vannes klubak Breizh rugby akademia badu edo Provence rugby klubak bere formakuntza akademia badu. Goi mailako selekzioa gero egiten da. Jokalari onenak eliteko formakuntza zentroan sartzen dira. Talde profesionalean tokiko klubetatik jalgitako jokalarien kuotak (%50?) errespetatzen baldin badira, euskal errugbi osoa irabazle eta sostengatua izanen da. Gainera, anbizio handiko garapen proiektu bateratzaile batean, hego Euskal Herriko klubei irekitzeak instituzioetako eta pribatuko partaide berri batzuetara heltzeko bidea emango liguke. Halako proiektuetan gutiestekoa ez den « jarraitzaile » eta diru kopurua ekarriko luke.

 

Pako Arizmendi, EAJ-PNBko presidentea

Argazki iturria : rugbyrama

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
PDE-EDP