Artxibak

2018/04/09

Hurbil gira !

Ipar Euskal Herriko laborariek 2018ko laborantza saloitik berriz ere medaila kopuru handia ekarri dute. Gure laborantzaren dinamika erakusten duen seinale anitzetarik bat da. Bai, kalitatezko elikadura ekoiztearen xantza badugu, Europar Batasunean ikus daitezkeen laborantza eredu arras produktibistengandik urrun.

rss Ezagutzera eman
Hurbil gira !

ARGAZKIA JAITSI

Eta, horren froga, 4 AOC sormarka (Ossau-Irati gasna, Irulegiko arnoa, Ezpeletako biperra eta Kintoa euskal xerria), kalitatezko egitasmo anitz (Idoki, label rouge axuria, …), eta bidean diren Sasi Ardia eta Arto gorria bezalako xedeak. Egitasmo guzi horiek puntu komunak dituzte: mendiko eta muinoetako laborantza osatzen duten gure etxalde ttipi edo ertainen balio gehitua hobetzea eta bermatzea. Laborantza dinamikoa dugu ere, Akitania Berria eskualdeko plantatze tasarik altuenarekin. Eta, gure lurraldean present diren eta gure etxaldeak laguntzen dituzten egitura (hornitzea, hiltegiak,…), garapen elkarte edo formakuntza ikastetxe anitzei esker, laborantza azkarra dugu ere.

« Aitzinatzeko eta hobetzeko tartea bada »

Hots! Zertaz pleini gara? Dena ongi doa! Hoberenak eta ederrenak gara! Bada, ez. Horregatik atsegin dut jeltzaleen izpiritua, izateko manera horrengatik, hau da, garenaz harro izateko, baina, aldi berean, gure lekua zein den jakiteko eta inguratzen gaituen mundua ikusteko aski buruargia izateko gaitasunagatik. Laborantzari buruz, ber begirada izan behar genuke. Bai, abantaila anitz eta aitzinatzeko eta hobetzeko tartea dituen laborantza badugu. Baina, kontestu ekonomikoa hitsa da. Horrek gure etxaldeak lanjeroski ahultzen ditu. Europak eta Frantziako estatuak, eskualde anitzetan, laborantza intentsiboa garatzen utzi dute. Balio gehitu gutiko (industrialariek edo saltegi handiek biltzen dute) eta belaunaldi batetik bestera nekez transmititu daitezkeen egitura handiak sortzen dituen eredua da. Horren zuzentzeko, Europar Batasuna PAC edo laborantza politika bateratuko diru laguntzak laborantza berdeago eta bidezkoago bati buruz ematen entseatzen da. Frantzian, elikagaien transformazioaren eta banaketaren talde handiek bahitutako balio gehitua berriz banatzeko, elikaduraren estatu orokorrak antolatu dituzte.

Ministroaren kar eskasa

Estatu orokor horiek, seguraz ere, ez dute emaitza handirik emanen. Gorago aipatutako industrialarien edo saltegi handien lobby edo presio-taldeek Travers jauna laborantzako ministroak erakutsitako kar epela garaituko dute, hain segur. Gainera, ministro horren lehen neurriak ez dira diru laguntzen berriz orekatze batera buruz abian. Froga: ekoizpen ahuleko eskualdeetan, « gune behartsuak » sailkapenaren ttipitzea. Bihar, eskualde horietako etxaldeek ez dituzte gehiago dokumentu honi lotutako diru laguntzak jasoko. Hala, beren egitura bera lanjerrean ezarria da. Eta ez da hori bakarrik. Beste neurri batzuk aipa genitzake: laborantzako erretreta ttipienak Smic-aren %80ko muga mailara igo behar zituen lege testu baten blokatzea Senatuan, laborantza biologikoaren mantentzeko diru laguntzen apaltze azkarra edo kentzea... Eta, gure mendiko laborantza azkarki hunkituko duen neurri multzo horretarik azkena: arteko eta udako eremuen integratzeko koefizienteen aldaketa, honek ere eremu horien diru laguntzen apaltzea ekarriko duelarik. Eta hastapena baizik ez da!

Aterabidea: tokikoa

Testuinguru horretan, zer egin? Berriz ere, aterabiderik seriosena tokikoa izanen dela iruditzen zaigu. Hirigune Elkargo handi bat osatzen ari gara; patu komunitate bat. Segur, gure elkargoa plantan emateko denbora pixka bat beharko da, eta ez ditu seguraski laborantza diruztatzeko baliabideak izanen. Baina, aipatu dugun balio gehitu hori biltzen laguntzen ahalko du. Etxeko laborantza mota hori eta baserrialde eta kanpaña biziak mantentzeko bide bakarra da. Etorkizunean eskualde anitzetan basamortuak garatuko diren artean, hemen,  laborantzaren garapena eredugarria bilaka daiteke. Ez gara horrengandik urrun. Ongi egiteko behar den guzia badugu.

Gure kontsumitzeko manerak talde handiak eta bideratutako politikak baino indartsuagoak izan daitezke. Tokiko mozkinak erosten baditugu, hau da, prezio justuan pagatutako kalitatezko mozkinak, orduan, kanpaña bizia, ongi zaindua eta atsegina izanen dugu.

Horregatik du Euskal Hirigune Elkargoak funtsezko eginkizuna. Herritarrei tokiko mozkinak jan behar dituztela ulertarazi behar die eta ekoizle-kontsumitzaile egitasmo guziak erraztu behar ditu. Kalitatearen berme diren hurbileko hiltegiak atxiki eta lagundu behar ditu. Lurralde marka baten sortzeko proiektua gauzatu behar du. Euskal Herria marka ongi saltzen da, eta, horregatik, usurpatzaile batzuek bere irudia erabiltzen dute. Ordainez, laborariek kalitatezko ekoizpenak eskaini behar dituzte, eta prezio egokian, jende gehienek horiek jan ahal izateko.

Gora kontsumekintzailea

Badugu lan! Baina, horrek ez gaitu etsiarazten. Denen arteko etorkizun partekatu batera buruz goaz. Beraz, herritarrak, hautestontzietara, eta, kontsumitzaileak, kalitatezko sardexka ukaldi baten atxikitzeko, ekintza politikoak eta militanteak sustatzera!

 

Jean Michel Iribarne, laboraria eta Donazaharreko herriko kontseilaria

 

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
PDE-EDP