Artxibak
2018/05/04
“Euskal gizartea hegaletan eraman izan duen berunetik libratu da, eta askatasun osoz hegan egin ahal izango du, izan nahi duena izateko”
Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak EAJ-PNVren izenean sinesgarritasuna eman dio ETAren disoluzio alde bakarreko, efektibo eta behin betikoari, gaur goizean Kanbon egin den nazioarteko topaketan egiaztatua izan delarik.
Andoni Ortuzarren adierazpena Kanbon
AGIRIA - 2018/05/04
Andoni Ortuzarrek gaur goizean parte hartu du Kanbon, Arnaga Etxean Foro Sozialak eta Bake Bideak erakundeek antolatuta eta Harremanetarako Nazioarteko Taldearen babesarekin “Euskal Herriko Gatazkaren Konponbidean aurrera egiteko Nazioarteko Bileran” izenarekin egin duten topaketan izan den EAJren ordezkaritzako buru gisa. Ekitaldia hasi da biktima guztiak oroitzeko isilunearekin. EAJ-PNBren izenean, Ortuzarrek egiaztatu du ETAren disoluzioa alde bakarrekoa, efektiboa eta behin betikoa dela. Joseba Aurrekoetxea, Antolakuntza Arloko burukide arduraduna ere bertan izan da EBBren izenean. Kanbon egon diren EAJren gainerako ordezkariak izan dira Pako Arizmendi, Ipar Buru Batzarreko presidentea; Joseba Egibar, Gipuzko Buru Batzarreko presidentea eta Lizarra-Garaziko elkarrizketetako parte hartzailea; Unai Hualde, Napar Buru Batzarreko presidentea, Nafarroako Parlamentuko lehen mahaiburu ordea eta Geroa Bai-ko kidea, eta Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea.
Topaketa bururatzekoan, Ortuzarrek adierazpen bat irakurri du Euzkadi Buru Batzarreko presidente gisa.
“Euskal gizarteak hirurogeita hamar urtetan bizi izan duen amesgaiztoa gaur amaituko da. Sinesgarritasuna ematen diogu atzo entzun genuen eta gaur nazioarteko ordezkariek berretsi duten iragarpenari.
Azkenean, ETA gure bizitzatik desagertuko da. Azken hamarkada hauetan espero eta nahi genuen albistea da. Eta, une honetan, gure lehenengo oroitzapena da indarkeriaren zentzugabekeria zuzenean pairatu duten biktimentzat. Gaurko egunera irits gaitezen, beren ahalegina eta esfortzua egin duten horientzat guztientzat ere bai, egun hau askoz lehenago iristea nahiko genukeen arren.
EAJ ETAren helburu eta metodoen aurka egon da hasiera-hasieratik. Sorburuan ez zuen zentzurik izan eta are gutxiago bere jardun zorigaiztoko eta justifika ezinak. Euskal gizartearen gehiengo nagusi baten sentipen berbera da. Hain zuzen ere, gaurko egun honetan gure gizarte osoa zoriondu nahi dugu ETAri eta bere erasoei aurre egiten jakin nahi izan duelako, bere asmo totalitarioak aurrera egitea eragotzi duelako.
ETArik gabe, euskal gizartea hegaletan eraman izan duen berunetik libratu da, eta askatasun osoz hegan egin ahal izango du izan nahi duena izateko. Etorkizun oparoa iragartzen dugu gure Herriarentzat. Baina gure iragan tristeaz jabetzen gara eta beti izango dugu ETAri `ezertarako balio izan du?´ galdera egiteko gogoa”.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/22
BERRIA
2024/11/08
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09