Artxibak

2018/06/04

« Aberatsenak laguntzeak ez du irabazi ttipiak dituztenen egunerokoa errazten »

Emmanuel Macronek burutzen dituen erreforma ekonomikoen eta fiskalen erdigunean erosahalmena dago. Alta, pobreziaren kontrako borroka honetan, Macron oker dabil: aberatsenak laguntzeak ez du irabazi ttipiak dituztenen erosahalmena handitzen. Are okerrago, isurtze teoria ekonomikoan oinarritu haren politika irabazi ttipiak dituztenendako bidegabea eta lanjerosa da.

rss Ezagutzera eman
« Aberatsenak laguntzeak ez du irabazi ttipiak dituztenen egunerokoa errazten »

ARGAZKIA JAITSI

Joan den otsaileko "ekonomia gaiei buruzko" BVA/La Tribune iritzi ikerketaren arabera, frantsesen gehiengoak gobernuak abiatu erreformak gaitzesten ditu. Gobernuak engaiatu ekimen desberdinek ez dituzte frantsesak konbentzitzen. Dirudunei zein klase xumeagokoei, denei erosahalmena ttipitu zaiela iruditzen zaie.

Isurtze teoria ez da eraginkorra eta gainera sozialki bidegabekoa da

Hautagai zelarik, Emmanuel Macronen proposamenetarik bat lanaren balioa bere proiektuaren erdigunean kokatzea zen; hautesleen parte askoren gustukoa delako, eta zentro-eskuinarena bereziki. Jendarte merezidun baten ikusmoldearen parte da hori, non eta arrisku hartzeak eta ahaleginek saria merezi baitute. Bere erreforma desberdinekin, bide horretan jarraitzen du: gizarte zerga orokorra (CSG), higigarrien kapitalaren zerga erreformak (fortuna gaineko zerga zena higigarrien fortuna gaineko zerga bilakatzea, %30eko zerga biltze finkoaren plantan ematea)… Baina, Egoera Ekonomikoen Frantziako Behatokiaren arabera, badirudi 2018ko aurrekontuko familiendako neurriek ez dutela oraingoz eragin handirik izanen.

Gertatzen dena da Philippe gobernuak isurtze teoria aplikatzen duela. Hala, bere ustez, aberatsenei zerga karguak arinduz gero, beren kontsumoaren eta inbestimenduaren bitartez (aurrezkiak bereziki), estatuko ekonomian gehiago inbestitzeko ahala emanen die. Ondorioz, beren diruari esker, zuzenki ala zeharka, jarduera ekonomikoa bultza eta enplegua sor liteke. Teoria hori ekonomista eta soziologo batzuek, hala nola Jean Zigler jaunak, azkarki dudan ezartzen dute. Frantziako gobernuaren politikaren porrota aurreikusten dute. Izan ere, aberatsenak inbestitzera bultzatzen dituzten erreformak, jendarte globalizatu eta ireki batean eta etekinek mugarik ez duten gizartean, ez dira egokienak. Aire sartze horrek beste ekonomia batzuk lagunduko ditu, ez baina etekin tasak berehalakoak ez diren tokiko eta Europako ekonomiak.

Zerbitzu publikoak lanjerrean

Kritikari horien iritziz betiere, politika honek ezinbestean aurrekontuko defizitak sortzen ditu. Estatuak zerga gutiago bilduko du, eta, aldi berean, gastuen apaltze politikarekin segituko du. Gutieneko zerbitzu publikoak bermatu nahi badira, elkargoek diruztatu beharko dituzte. Beste gisa erranik, jadanik zergapeko diren herritarrek tokiko zergak karioago pagatu beharko dituzte.

Hemen, Euskal Hirigune Elkargoaren (EHE) heinean, zerga bilketaren apaltzea konpentsatu beharko da. Orain, EHEk garraio arloko eskumena hartu du, baina, nolazpait finantzatu beharko da! Ekonomia eta jendarte kalitatearentzat eta bizitasunarentzat ezinbestekoa den eskumen hori hartzeko deliberoa nahitaez ipar Euskal Herriko zergapeko familiek eta enpresek ordaindu beharko dute. Horregatik, Macron lehendakariaren erreformek herritarren etorkizuneko erosahalmenaren apaltzearen zama tokiko elkargoen eta beren ekonomien gainean jartzen dute. Ez dute, hortaz, beren egunerokoaren hobetzea ekartzen. Gainera, erreforma horiek tokiko zerbitzu publikoak arriskutan ezartzen dituzte, ekimen publikoa bideratzeko finantzamendu iturri berriak aurkitu beharko dituztelako.

 

Kauldi Samoreau, EAJ-PNBko ekonomia eta gizarte gaien arduraduna

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
PDE-EDP