Artxibak
2018/06/04
« Kasu ! Dudarik gabe, Euskal Herriko ekonomiak behar duena eredu parte hartzailea da! »
Euskal Hirigune Elkargoaren sortzearen ondorioz, lurraldean existitzen ziren 10 batzorde ekonomikoek bat egin dute, garapen ekonomiko koherenteago eta irakurterrazago bat ahalbidetzeko. Baina, ez da eginkizun erraza; izan ere, funtsean, eskumen hori konplexua eta zeharkakoa baita. Horregatik, mota orotako multzo hori bere eskumenean izateko, Euskal Hirigune Elkargoak Baionan zentralizatu egitura berriak sortzeko gogoa izan lezake. Bada, hain zuzen, hori da egin behar ez den akatsa.
Elkargoak tokiko ekintzak bateratuz enplegu iraunkorrak garatu nahi baditu, ez du jadanik plantan dagoena osoki ezabatu edo kendu behar. Alderantziz, Euskal Elkargoak eragile guztiak elkartu behar ditu (enpresak, bakarrik edo bateraturik -klusterrak-), eta, hobeki lan egiteko, sindikatuko ordezkariak eta hasierako formakuntza eta formakuntza profesionaleko eragileak ere (publikoan eta pribatuan…).
Eskualdearen eta Elkargoaren arteko lankidetzak lurralde ekonomikoko eragile historiko desberdinen lana erraztu behar du
Industria, laborantza, merkataritza, turismoa, zerbitzuak… alorreko enpresen beharrei ihardesteko, erakunde desberdinek elkar adituz eta elkarrekin lan egiten dute, ahal bezain ongi; jakinez enpresendako eta geroko enpresariendako ez dela baitezpada eskema eskuragarria eta ulerterraza. 2015eko NOTRe legeaz geroztik, Akitania Berria eskualdea lurraldeetako garapen ekonomikoaren habea da: enpresak, sailak, berrikuntza, sormena… sostengatzen ditu eta l’Usine du Futur gisako programa egituratzaileak sustatzen ditu. 2017an Euskal Hirigune Elkargoaren sortzearen ondorioz, arlo horretan euskal lurraldeko solaskide pribilegiatua Elkargoa bera izan daitekeela laster pentsatu dugu. Izan ere, jokoan dena hain funtsezkoa izanki, logikoki, Elkargoak ekintza ekonomikoaren eremua laborantzara, merkataritzara eta goi mailako irakaskuntzara zabaldu du. Elkargoaren baitan bat egin duten egitura desberdinak jadanik ofiziale eremuen kudeatzaileak eta enpresen partaideak ziren (sortzetik garatzeraino). Baina, eskema honetan, eskumena elkargoarena bilakatu delarik, herri batzuek proiektu eramaileen eta enpresen laguntzeko zeregina atxiki dute eta bitartekari eraginkorrak dira. Herri horiek desmartxaren lehenagokotasuna eta ezagutza fina dute beren alde.
Eta estatua ez da falta. Ekonomia alorreko ganberak, merkataritza eta industria ganberak eta ofizialeen ganberak enpresen laguntzeko esperientzia ohargarria dute. Enpresa berriak erakartzeko ikerketak, sorkuntza, esportazio, transmisio eta formakuntza mailako laguntzak… beren ekintzak funtsezkoak dira. Elkarte anitzen ekintzak bezala: Nouvelle Donne langabezian diren lan arduradunak laguntzeko, Cap Emploi elbarrituak diren pertsonak laguntzeko... Elkarteak ere, Pole emploi laneratze eginkizunean laguntzeko, arras baliosak dira. Maulen, Hazparnen edo Garazin, tokiko ehun ekonomikotik jalgi sostengu zentro eta elkarteak tokiko ekonomia horren bizitasunarentzat baitezpadakoak dira. Eragile guzi horiek trebetasuna, gaitasuna eta legitimitatea badute. Horregatik, Euskal Herriko garapen ekonomikoa sustatzeko ezinbestekoak dira. Horiek ez kontuan hartzea itxuragabekeria litzateke.
Kasu tentazio jakobinoei!
Euskal Hirigune Elkargoa lurraldea sustatzeko sortu baldin bada ere, Akitania Berria eskualdeak bereganik eraginkortasuna eta legitimitatea igurikatzen ditu, gero Elkargoari sustapenaren eskumena esleitzeko. Elkargoak eragile historikoekin (ekonomia alorreko ganberak, sostengu zentroak, elkarteak) irabaziko du bataila hau. Lehengokotasuna eta berehalako gaitasuna dituzte. Ondorioz, beraiekin lankidetza esparru argia zehaztu behar du. Elkargoak ez du garapenerako traba administratiboa izan behar, adibidez, batzordeak biderkatuz, deliberoetan ordezkaritza astuntasuna mantenduz, eta abar. Horiek blokeo, sufrimendu eta haserre iturri dira. Alderantziz, Euskal Hirigune Elkargoak ekimenen eta soluzioen azeleragailua izan behar du. Bere zerbitzuak manera zaluan antolatu behar ditu, hau da, batetik, bere partaideen eta lankideen motibazioa mantentzeko etengabeko arrangurarekin, eta, bestetik, deliberoen erreakzio gaitasunarekin. Xede horretan, lurralde osoa saretzen duten eta beren ezagutzari eta motibazioari esker eragile ekonomikoen oinarrizko bitartekari diren terrenoko hautetsiei rol nagusia eman behar zaie. Arrazionalizazio eta eraginkortasun handiagoaren ilusioa eragiten duen deszentrazio jakobinoko saiakera oroz mesfidatu behar da.
Garapen ekonomikoa terreneko kontua da, gizon eta emazte, enpresari eta dinamika afera bat da. Eta horiek ez ditzake administrazio zurrun batek manatu.
Jean Tellechea, EAJ-PNBko hautetsia, Garapen ekonomikoaren ardura duen Urruñako axuanta, LAEn eta EPFLean ordezkaria
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/22
BERRIA
2024/11/08
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09