Artxibak

2018/09/13

« Alderdi Eguna »ren izpiritua mugazgaindiko lankidetza ahul baten parean

Europa mailan, pesta giroan iragaiten den ekitaldi politiko handienetarik bat da Alderdi Eguna. Heldu den Buruilaren 30an iraganen da Gasteiz-etik hurbil, Forondan. Urte guziz hamar milaka jende biltzen ditu Alderdi Egunak. Euskal herritarren arteko elkarlana bultzatzen duen « Alderdi Eguna » izpiritua azpimarratu nahi dugu, berrikitan eraiki Euskal Elkargoak mugazgaindiko harremanarentzat axola gutti erakusten duelako.

rss Ezagutzera eman
 « Alderdi Eguna »ren izpiritua mugazgaindiko lankidetza ahul baten parean

ARGAZKIA JAITSI

« Alderdi Eguna » izpiritua beharrezkoa litaike jendeen gogoetetan dagoen muga gainditzeko, Hegoaldeko pertsonekin harremana ukaiteko, haiekin lan egiteko, elgarren ulermenean.

Gogoko muga gainditua

Gogoko muga horren gainditzeko adibide bat. Hendaian, Bidasoa zeharkatu eta Euskadin gelditu, herri batetik bestera pasatzeko impresioa ukan gabe. Donostia, ofizialki Espanian da ! Baina, Donostiar gehienek abertzale mugimenduentzat bozkatzen dute eta lehenik Euskaldun senditzen dira. Hiriaren auzapeza, Eneko Goia deitzen da. Eaj-Pnb-ren alderdikide ospetsu bat da.

Alderdi Egunari esker, Hegoaldeko jende gehienen euskalzaletasun hau hobeki ezagutzen eta senditzen da. Gasteiz-etik hurbil iragaiten da, Forondan, Hendaiatik 120 kilometrotan. Oren bat et’erdi batez heltzen da. Alderdi Egunaren momento paregabea, Ipar Euskadiko militante batentzat : Eaj-Pnb-ren tokiko erakundeen desfilea, horietan, Ipar Euskadikoak, Alderdikideen erdian. Hor, entzuten diren « aupa Iparralde » beroek emozioaz betetzen zaituzte. Dudarik gabe, Alderdi Eguna sendagailu on bat da Frantzia-Espania izpiritu mugarentzat.

Hegoaldeko jendeak hurbilago

Alderdi Eguna parada paregabekoa da Eaj-Pnb-ren alderdikide eta alderdizaleekin hitz egiteko eta hurbiltzeko. Eaj-Pnb-ren tokiko erakundeen 30 bat txoznak edatera eta jatera emaiten dute. Giro lasaiak harremanak errexten ditu. Batzu, poteozaleak dira. Beste batzu txozna batean hitzordu bat badute, militante batekin edo lagun talde batekin. hierarki guttiko gizarte bat agertzen da. Eaj-Pnb-ren arduradun batzu, beren tokiko erakundearen txoznan daude, edozoin alderdikideekin, garagarnoa edo pintxoak banatzeko.

Egunaren beste momento bero bat. Iñigo Urkullu, lehendakaria eta Andoni Ortuzar, Eaj-Pnb-ren presidentearen hitzaldiak. Aurtengo gaiek hainbat komentario piztuko dituzte : Madrileko Pedro Sanchez-en gobernuarekin aspaldiko gaia : duela 40 urte, onartu Gernika Estatutuaren 38 eskumenen eskuz aldatzea. Lehentasunak : Seguritate Zoziala eta presondegien kudeaketak Eusko Jaurlaritzarentzat. Baina gai beroena da Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, 3 lurraldeak osatzen duten Euskadi-ren Estatutu berri baten eztabaida. Iparraldeko jendeentzat, ezinbesteko parada Hegoaldeko herritarren gogoetak eta nahiak hurbiletik ulertzeko.

Elkarkidetza Ipar Euskadiren onerako

« Alderdi Eguna » izpiritua Euskaldunen arteko lankidetzara eramaten du. Urrun dauden Hegoaldeko Euskaldunak hurbil bilakatzen dira. Gure ondoan, lurralde dinamiko eta berrikuntzari lotua. Eaj-pnb-rentzat, elkarlan hau ezinbestekoa da, Ipar Euskadi aldean, balio handiko enplegu eta enpresen eraikitzeko berrikuntzan uztartu gizarte batentzat, gizarte iraunkor batentzat eta gizarte euskaldun batentzat. Elgarrekin lan egin behar dugu, gure esperientsia interesgarrienak ezagutarazteko, proiektu amankomunak bultzatzeko.

Lankidetza bultzatu Ocean Tech bezalako beste adibide eredugarri asko xutik ezartzeko. 2019an, Sokoako gotorlekuan, Ozeanoari dedikatu ikerkuntza zentro bat eta formakuntzak. Proiektu hori Bordeleko unibertsitate eta Hego Euskal Herriko unibertsitateen artean lantzen ari da. Helburua : alor hortako lantegi berriak sorrarazi ikerlari eta erakasleekin lankidetza bultzatzeko gogoarekin. Berdin energi berriztagarriekin edo itsas bazterreko ezponden higaduren kontrako borrokan. Hegoaldeko erakundeak buru belarri daude klima aldaketaren borrokan. Kyotoko protokoloaren engaiamenduak bete ondoren, Euskadik nazioarteko ezagupena irabazi zuen. Gaur, Klima 2050 Basque Country estrategia bultzatzen du. Lankidetza baten abiatze pundu bat azpimarratzeko : joan den Uztailan, Angelun, mintegi bat Arkinovan eta besteak beste, Euskadiko bi adibide aintzinakor aipatuak izan dira : Bilboko 20 kilometrotan, Armintzako kostan, itsas sagailo energirako entsegu zentro bat eta Mutrikun itsas sagailo energiaren zentrala bat.

Euskal Elkargo berriak Hegoaldearekin lankidetza bultzatzeko gogoa indartu behar du. Automugatzen gira eta lurraldearen hobekuntza guttitzen. Europar nazio ainitzetan bazterketan dauden nazionalismo ezkorren gorakada ikusten delarik, gure abertzalismo baikorrak zubiak eraikitzen ditu.

Hitzordua, 2018ko Alderdi Egunan, Forondan, Buruilaren 30an, igandean.

Argazkian : Pako Arizmendi, Eaj-Pnb-ren Ipar Euskadiko presidentea, Alderdi Eguna aurkezpenaren prentsaurrekoan, Baionan, Buruilaren 13an, ostegunean

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
PDE-EDP