Artxibak

2021/04/02

Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena 2021eko Aberri Egunaren aurrean

2021ean, bigarren aldiz, euskal hiritargoak Aberri Eguna Koronabirusaren pandemiak ekarri digun salbuespen egoeran ospatu beharko du. Aspaldi honetan ziurgabetasunez, erronkaz eta arazoz jositako garaia bizitzea egokitu zaigu, herrien eta herritarren portaerak eta jokaerak goitik behera baldintzatu dituenak

rss Ezagutzera eman
Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena 2021eko Aberri Egunaren aurrean

ARGAZKIA JAITSI

Gauzak horrela, gure gogorapenik sentikorrena eskaini nahi diegu bidean geratu diren pertsona guztiei. Galera horrek gugan sortu duen oroimen mingarriak lagundu behar digu orain gure onena ateratzen eta gaixotasun hau gainditzen, albait arinen gure egunerokotasuna eta normaltasuna berreskura ditzagun.

Pandemia baten ezaugarri guztiak dituen gaixotasuna hedatu izanak ekarri dituen ondorioek globalitatearen iluntasunik zorigaiztokoenean murgildu gaituzte eta, aldi berean, giza biziraupenaren beharra piztu dute, ikerketa zientifikorako gaitasuna bizkortuz, suntsitzeko eta hiltzeko benetako mehatxuari aurre egin diezaiegun. Gaixotasunaren hegal beltzak planeta osoa hartu du bere azpian, eta gurea bezalako herri txikiak erabat eklipsatu ditu. Eta, nahiz eta mendebaldeko gizarte garatuenen artean egon, erantzuteko eta gure burua defendatzeko gaitasuna mugatuta ikusi dugu ia igarri gabe etorri zaigun zoritxarraren tamainagatik, zeinaren ondorioak ezezagun eta aurreikusiezin egiten baitzitzaizkigun.

Asko sufritu dugu, asko sufritzen ari gara, gaur gaurkoz birusaren eragina hasiera batean bezain hilgarria ez den arren, infekzioak gure artean jarraitzen duelako. Oraindik benetan larria eta benetan hilgarria izanik, gure osasun sistemak gaur egun dituen baliabide materialek eta pertsonalek gaixoei gero eta zainketa eta tratamendu hobeagoa ematea bermatzen duten arren. Gainera, txertaketa-prozesuarekin hasi izanak eta txerto hauek hiritar guztiei emateko itxaropenak esperantza berriak ematen dizkigute garai latz honen amaiera gero eta hurbilago egon daitekeela pentsatzeko. Edonola ere, eta inmunitatea biztanleriaren portzentaje handi batera iristen ez den bitartean, Koronabirusak gure artean jarraituko du eta bere horretan jarraituko du mutazio berriek beste pandemia batzuk eragiteko arriskua ere.

Covid-19ak ekarri digun pandemiak euskal komunitatearen berezko erakundetzearen balioa eta garrantzia ziurtatzera etorri da, halako egoera batek eskatzen duen osasun-, ekonomia- eta gizartearloko erantzun eraginkorra bermatzeko. Euskadin zenbat eta gai gehiago erabaki, orduan eta egoera hobean egongo gara etorkizun hobea eraikitzeko eta euskal nazioa osatzen dugun pertsonen borondateari erarik egokienean erantzuteko.

Duela urte bete, egoerak inposatu zigun Aberri Eguna gure etxe barruan ospatzea. Itxialdian geunden, isolatuta, Herri osoa geldituta, kutsadura saihesteko eta gaixotasuna ez hedatzeko formularik eraginkorrena zelakoan. Babestea izan zen bizirauteko estrategia, ospitaleak pertsona kutsatuz betetzen zituen eta adinekoen artean gaitz hilgarri bilakatu zen gaixotasunaren ondorio ezezagunen beldur ginelarik. Aberri Egun iluna izan zen iazkoa. Bakoitza gure oskolean sartuta bizi genuena, gotortuta, gure familiaren babesean. Ilusioa izoztuta geratu zitzaigun garaiko kezkagatik eta larritasunagatik.

Dena dela, Euskadik ibilbide luzea egin du, eta urteetan zehar euskal herritarren belaunaldi ezberdinek askotariko arazoak eta gatazkak gainditu dituzte. Gerretatik hasita, Euskal Herriaren kausarekin identifikatuko zen guztia ukatzen eta erreprimitzen zuen diktaduraraino. Baina, egoerarik txarrenean ere, Pazko Igandea beti izan da herri gisa dagozkigun eskubide politikoak aldarrikatzeko eguna, gure barruko harrotasuna adieraztekoa, belaunaldi berrientzat aberri hobea eraikitzeko ditugun gogo eta grina erakustekoa.

Aurreko urtean, Euskal Aberriaren Eguna etxe barruan ospatu genuen. Leihoak eta balkoiak erakusleiho bihurtu genituen sasi, arazo eta zoritxar guztien gainetik, Euskal Aberria eraikitzeko gogoak herri honetako milaka emakume eta gizonen bihotzetan bizirik dirauela erakusteko. Aberri Egun intimoa izan zen, kezkaz eta arduraz betea, eta gure abertzaletasunaren adierazpen nagusi gisa inposatu zen gure burua eta ingurukoak zaintzea eta babestea, jendearen segurtasuna, osasuna babestea, babes publikoa bermatzea.

Gaur, 2021ean, kaleko bizipenak berreskuratu ditugu, baina mugitzeko askatasunak eta kontzientzia kolektiboa ikusarazteko adierazpenak mugatuta jarraitzen dute guztion osasuna eta bizitasuna babestea dagokigulako. Jendearen ongizatearen onbeharrez eta gu guztion osasunaren mesedetan, mugitzeko eta gure nazio kontzientzia talde gisa adierazteko askatasuna neurri batean mugatzen dizkiguten baldintzapean gaude. Alabaina, eragozpen horiek guztiak ez dira oztopo, agintariek osasun alertari aurre egiteko ezarri dituzten neurri guztiak betez, errespetu osoz, Euskal Aberriarekiko dugun konpromisoa adieraz dezagun.

Nazioa, Euskal Aberria, ez da kontzeptu politiko zehaztugabea. Ez da soilik lurralde bat edo mapa bat, non errealitate kultural eta sozial identifikagarriak elkartzen baitiren. Gure aberria, Euskadi, identitate kolektibo nazional baten adierazpena da, subiranotasun-eskubide politikoak erabat aitortzea eskatzen duena, komunitate demokratiko, aurreratu, plural, sozialki berdinzale eta kohesionatu bat eraikitzen jarraitzeko, non pertsona bakoitzak bere bizi-proiektua bakean eta askatasunean garatu ahal izango duen.

Euskadi aurrera egiten jarraitzen duen Herria da, gara. Ibiltzen jarraituko dugu eta ez gara geldituko zoritxarreko gertakariek –gaur egun pairatzen ari garen pandemia bezala– bidean oztopoak jarri arren. Pandemiak argi eta garbi erakutsi digu globalizazioan ematen ari diren eraldaketa erraldoiak –euskal herriaren etorkizunari ere eragiten diotenak– gero eta arinago ematen hasi direla, hau da, klimaren aldaketa, demokrazia liberalaren krisia, indibidualismoa, desberdintasun sozialen areagotzea eta gizartearen digitalizazioa izango dira gure aberrigintzari zuzen-zuzenean eragingo dioten gaiak. Eta, eraldaketa globaletatik harago, Euskadi murgilduta dago gaur egun ezegonkortasun politikoko, krisi ekonomikoko eta birzentralizazioko prozesuak bizi dituzten Estatuen politikan, eta, egoera horretan, gure etorkizunari buruzko galdera garrantzitsuak planteatzen dituzte. Etorkizunari heltzeko, gaur egun, aberrigintzaren euskal estrategian sakondu behar da, euskararen erabilera biziberritzeko, gure ekonomia digitalizatzeko, berdintasuna eta gizarte-kohesioa indartzeko, esparru guztietan jasangarritasuna bultzatzeko eta gure herriaren gaitasun instituzionala areagotzeko: euskal nazio eraikuntzaren barne estrategia bat, euskal nazioa XXI. mendeko eskakizunen argitan sendotzeko; eta kanpoko bat, erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazio progresiboa ezartzeko.

Osasuna eta ekonomia dira gaur egun gure konpromiso publikoaren ardatz eta lehentasun nagusiak. Osasunik gabe, ez dago ez ekonomiarik ezta lanik ere. Eta ekonomiarik gabe, baliabiderik gabe, ez dago lortzerik ez zerbitzu publikorik, ezta pertsonen osasuna eta ongizatea bermatzen duten osasuninbertsiorik ere. Beraz, ez gaitezen fio bata bestearen gainetik lehenestea aldarrikatuko duten mezuez, bien baturarik gabe gure ongizate pertsonal eta kolektiboak porrot egingo bailuke.

Pandemiaren inpaktua izugarria izan da mundu osoan. Bai giza arloan, bai baliabide materialari dagokionez. Gure herrian ere, jarduera ekonomikoak inoiz baino sakonago egin du behera, iraganeko gerra garaian izan ezik. Pairatzen ari garen kataklismo horrek eragin duen beheranzko joera gure artean

egongo da zati batean, txertoek eta inmunizazio globala lortzeko esfortzuak egingo diren arren. Hala ere, medikuntza arloan eman diren aurrerapausoak oso handiak izan diren arren, aditu eta zientzialariek esan digute birusa luzaroan izango dugula gure artean. Horrek derrigortuko gaitu orain arte salbuespenekoak izan diren jarduerak normalizatzera. Ikerkuntza sustatzen jarraitu beharko dugu, baita osasun esparruan eta zainketen arloan baliabide material eta pertsonaletan inbertitzen ere. Aurrekontuetan sortu diren ezohiko partidak finkatu beharko dira, eta horrek ere ekarriko ditu bere ondorioak gastatzeko gaitasun globalean eta zorpetzeko eta sistemari eusteko ahalmenean.

Hiritargoa artatzeko daukagun sistema publikoa indartu beharko dugu, gure autogobernua, azken finean, berehalako etorkizunak ezarriko dizkigun beharrizanei aurrea hartzen jarraitzeko. Erronka horri heltzeko orduan, euskal ekonomiak aldi honetan galdu duen espazioa berreskuratu beharko du. Berpizteko. Produkzioa berrabiatzeko. Berriz ere, aberastasuna eta enplegua sortzeko.

‘Erresilentzia’ da orain arte oso gutxitan erabiltzen zen hitza, baina gaurko egoeran garrantzia eta indarra hartu duena. ‘Erresilentzia’ da gizakiak ezbeharretara moldatzeko duen gaitasuna, arazoak ekarri dizkion egoera amaitu denean bere hasierako egoerara itzultzeko orduan azaleratzen duena. Horra hor gure helburua, 2021ko Aberri Egunerako daukagun xedea: ‘Euskadiren Berpizkundea’. Aberria berreraikitzeko atazak erakunde guztiak inplikatu behar ditu, baita gizarte antolatuak eta herri honetan bizi garen pertsona guztiak ere. Euskal ereduaren ezaugarri nagusi izan dira beti euskal gizartearen lidergoa eta bizitasuna. Lankidetzan oinarritutako aberrigintzak izan behar du eredu krisitik ateratzeko eta Covid-19aren osteko Euskadi eraikitzeko, inor kanpoan utziko ez duen prozesuari bide emanez.

Aurreko urtean Aberri Eguna nahiko egoera ilunean eta itxialdian ospatu bagenuen, aurtengo Aberri Egunak izan behar du itxaropenaren Aberri Eguna. Oraindik bizirik dirauten arazoak albo batera utzita, ilusioa, indarra eta erabakimena adierazi nahi diogu gure gizarteari. Garai latzak bizi ditugu, bai, baina zalantzarik ez dugu Herri gisa onik aterako garela helburu zehatzak ezartzen baditugu. Horietako batzuk, osasun publikoari eta ekonomia eta enplegua suspertzeari buruzkoak, arestian adierazi ditugu. Baina agenda politikoa ez da horietara mugatzen. Euskal erakundeen egituraketa hazi arazten eta garatzen jarraitzeko beharraz gain (Gernikako Estatutua, Nafarroako Foru Erregimena eta Ipar-Euskadiko Lurralde Elkargoa), euskal gizartearekin lan egin behar dugu. Soinez soin lan egin behar dugu gure nazio kontzientzia eta aberrigintza indartzeko, euskal herriak erabakitzeko duen eskubidea instituzionalizatzea xede. Hor ere badatza Europako Batasuna eraikitzeko prozesua, egunotan bere garairik onena bizi ez duen arren, esparru bakarra delako herrialde guztietako euskal herritar guztiok bat egin dezagun eta Zazpiak Bat goiburua errealitate bihur dezagun. Gure Nazioaren erabateko askatasuna lortzeko bidea latza eta gogorra izango da, baina egin daiteke: buru argitasuna eskatzen digu hurrengo bihurgunetik harago dagoena ikusteko eta bidean aurkituko ditugun oztopoen edo arazoen aurrean eusteko. Buru argitasuna eta indarra beharko dugu, EAJ-PNVk –apaltasun osoz esaten dugu hau– Herri honi eskaini ahal dizkionak.

Proiektu honekin bat egiteko, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar-Euskadiko abertzale guztiak deitzen ditugu, baita munduan zehar bizi diren eta Euskal Etxeetan elkartzen diren guztiak ere, Aberri Eguna –gure nazioaren egun handia– denok bat eginik ospa dezagun.

Hau ez da hika-mika antzuekin tematzeko garaia, ezta bereizketa partidistarik egitekoa ere, borondateak bateratu beharrean, banaketa eta etsipena besterik eragiten ez baitute. Herri honetako hiritargoak

gugandik espero ditu akordioak, errespetua eta eraikitzeko gaitasuna. Banatzen gaituena albo batean utzita, egin dezagun denon artean Euskal Herri sendo, aske, osasuntsu eta baketsua.

Gora Euskadi askatuta!

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
PDE-EDP