Artxibak
2021/05/09
EAJ-PNBk Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziarako lehen ekarpena aurkeztu du gaur, maiatzak 9, Europaren Egunean
Talde jeltzalearen asmoa da gaur hasiko den prozesuak oinarri batzuk finkatzea egitura federala izango duen Europaren Konstituzioa idaztera begira, nazio aniztasuna aitortuko duena eta Argitasun Zuzentaraua barne hartuko duena, komunitate politikoek behar besteko mekanismoak izan ditzaten hiritargoak nahi duen etorkizunaz kontsultatu ahal izateko.
Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzia
EUSKADI - EUROPA - 2021/05/09
Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziaren Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena
Schumanen Adierazpenetik 70 urte baino gehiago igaro ondoren, eta munduan gaur egun bizi den testuinguru geopolitiko konplexuaren esparruan, Europako Batasunak hausnarketa sakona egin behar du, bai eta herritarrekin solaskidetza irekiari bide eman ere. Etorkizuneko erronka nagusiei buruz eztabaidatu behar da. Baina, batez ere, Europako proiektua indartu behar da, haren kalitatea eta legitimitate demokratikoa, arintasuna eta erabakiak hartzeko eraginkortasuna hobetu eta sakonduko dituen erakundeen egituraketa berria emanez. Proiektu horrek Europak bere sorreratik dituen balioak eta Europako gizarte-eredua aldarrikatzen jarraitu behar du, mundu mailako aldeaniztasun berrituaren esparruan.
Hori da gaur, 2021eko maiatzak 9, Europako Etorkizunari buruz hasiko den Konferentziaren xedea. Ekitaldia hasteko orduan, EAJ-PNBk adierazi du solasaldi honetan parte hartze aktiboa izatea duela helburu, eta bere nahia dela Konferentziaren amaieran oinarri batzuk finkatzea egitura federala izango duen Europako benetako Konstituzioa idazteko, Europak bere baitan duen nazio-aniztasuna aitortuko duena.
Helburu nagusia izan behar da demokrazia eta zuzenbidezko Estatua indartzea, hazkunde sozial, ekologiko eta ekonomiko iraunkorra, segurtasuna eta berdintasuna bultzatzea, eta pertsonak bihurtzea Batasunean garatzen diren politika publiko guztien helburu nagusi. Egitura hori oinarritzen da aniztasun politiko, kultural eta linguistikoaren errespetuan eta zaintzan, bai eta aniztasun hori osatzen dutenen borondate eta konbentzimenduaren baturan ere.
EAJ-PNBk bere lehen ekarpena egin nahi dio Konferentziari, zenbait gogoeta metodologikorekin eta proposamen zehatzekin, sinesten dugun Europa Federala indartzeko, jarraipena emanez Europako proiektuaren sorreratik egin dugun lanari eta bultzatu ditugun ekimenei.
Metodoa
Batasunak erreforma instituzional eta politikoa behar du hainbat gobernantza-eremutan. 2008ko finantza-krisia, migrazio-krisia edo Covid-19aren pandemiak ekarri duena bezalako krisiek atzeraezin bihurtu dute ageri-agerian eta denok ikusteko moduan egin beharko litzatekeen berrikusketa. Maila honetako erronkei erantzuteko tresnak falta zaizkigula egiaztatu dugu. Gobernantza-arazo larriak daude eta erabat kaltetzen dituzte erabakiak hartzeko prozesuak, Batasunari zentzua ematen diotenak.
Tamalez, 2021eko martxoaren 10ean Europako Parlamentuko, Kontseiluko eta Europako Batzordeko presidenteek Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzia maiatzaren 9an hasiko zela iragarri zuten, baina horrek ez ditu aktibatu prozesu benetan parte-hartzaile eta emankor bat abian jartzeko behar ditugun mekanismoak.
Europako Parlamentuak, prozesu honen hasieran, presidentetza exekutibo bat proposatu zuen, baita aurrekontu bat eta autonomia izango zituen lantaldea eta helburu batzuk ere, ekimen hau toki onera eramateko. Estatu batzuek erakutsi dute beldurra diotela lidergo pertsonalizatuari, eta horrek ekarri du lehen diseinuaren narriatzea. Horrek eragina du, halaber, lidergo hori Batasunean indarrean dauden genero-berdintasuneko irizpideen arabera gobernatzeko premian. Emakume bakarra dago batzorde exekutiboan. Prozesua hastera goaz Konferentzian gobernu-egitura argirik izan gabe eta berariazko aurrekonturik eta lidergorik gabe, eta alderdi horiek zuzendu egin beharko lirateke.
Ezagutzaren gizartean, berrikuntzan eta talentuan oinarritutako garapen iraunkorraren testuinguru honetan, askoz hobeto aprobetxatu behar dugu eskura dugun ezagutza sozial eta zibikoa, baita politika eta egitura instituzionalak hobetzeko ere. Hori aktibatzea eta bideratzea izan behar da Europaren etorkizunari buruzko Konferentzia honen lehentasun eta eginkizunetako bat, eta ondorengoak hauek aurreikusi behar ditu:
1. Ahalik eta gehien ireki behar da herritarren eta gizarte-eragileen eta gobernantza-maila guztietako erakundeen parte-hartzera, erakunde hauek Erkidegoko politikak erabakitzeko eta gauzatzeko prozesuetan inplikatuta badaude. Eztabaiden eta elkarrizketen grabitate-gunea herritarrak eurak izan behar dira, hau da, prozesu honetako protagonista nagusiak, maila guztietako erakundeekin batera, eta horiek lagundu eta erraztu behar diete eztabaidetan eta proposamenetan. Helburu argia da Batasuna errealitate baliagarriagoa, eraginkorragoa eta herritarrengandik hurbilagoa izatea, bai eta erresilienteagoa ere, nahikoa finantzatua eta gobernantza-mekanismo gardena eta guztiz demokratikoa ere.
2. Erakundeek eta herritarrek goranzko prozesuan, eztabaida irekian eta aurrez zehaztutako emaitzarik gabe parte hartzeko foroa izan behar du, Europako Parlamentuak berak eta Eskualdeetako Komiteak eskatzen duten bezala.
3. Proposamen legegile zehatzak egin behar dira eta, hala badagokio, Tratatuak aldatzea ekarri behar dute. Eduki horiek 2024ko Europako hauteskundeetarako hauteskunde-kanpainaren funtsezko parte izan beharko lukete, eta etorkizuneko Konbentzio baten oinarria izan beharko lukete, hurrengo legegintzaldian proposatutako aldaketak gauzatu beharko lituzkeena.
4. Biltzarrak irekia eta parte-hartzailea izan nahi badu eta goranzko hausnarketa bultzatu nahi badu, aktiboa izan behar du eztabaidetan, horietan euskara erabiltzeko eskubidea errespetatu behar du, mota guztietako gizabidezko erakundeak inplikatu behar ditu eta herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak bultzatu behar ditu, prozesu hori oinarritik abia dadin. Europan herritarren zerbitzura lan egiten duten milioi bat hautetsi eta tokiko eta eskualdeko erakundeetako ordezkari luze horiek ezinbesteko palanka dira eztabaida pizteko, eta funtsezko tresna dira proposamenak egituratzeko orduan, herritarrei laguntzeko.
Datozen hilabeteetan, jarduera bizia aurreikusten da Europa osoan, eztabaida-guneekin, plataforma digital eleaniztunak barne. Horietan parte hartuko dute Estatu-, eskualde- eta toki-gobernuek, Eskualdeetako Komiteak eta Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteak.
Europako erakundeen jatorriarekin eta EAJ-PNBren parte-hartze aktiboarekin bat etorriz, gure herriak erreferentzia izan behar du Europako eztabaida horietan, gure euskal gizarte zibilaren ordezkaritza zabal eta pluralagatik, eta aipamen berezia egin behar zaio gure gazteriari. Era berean, Konferentziaren maila guztietan genero-oreka bultzatzeko eta laguntzeko konpromisoa adierazten dugu.
Edukiak
EAJ-PNBren baitan uste dugu gaur egun Europa deritzogun proiektuaren une erabakigarrian aurkitzen garela. Gaurko Batasuna sortzaileek amestu zuten egitura federalera eramateko behar den jauzi kualitatiboa emango badugu, Batasunaren berezko izaera konstituzionalaren oinarri gisa jaso behar ditu ondorengoak:
- Bakea, demokrazia, askatasuna, errespetua eta Europako herrien aitortza, funtsezko eskubideen bermea –Herrien autodeterminazio eskubidea barne–, askatasuna, elkartasuna eta subsidiariotasuna. Gure Batasunak oinarri duen aniztasunak isla izan behar du Europako errealitate nazional guztiak subjektu politiko gisa aitortuko dituen eta kulturen eta hizkuntzen aniztasunaz gain, errealitate horietako kideei dagozkien giza eskubideak eta eskubide politikoak babestuko dituen lege markoan.
- Ereduaren oinarria, federazio horretatik irtengo den Europako Hiritargoaren indarra, subiranotasun partekatuaren aitortza izan beharko da, gobernu maila ezberdinak ezarriz, beren artean osagarriak izango direnak.
- Marko horretan, partekatutako beste materia batzuez gain, Federazioko erakundeek beren gain hartuko dituzte kanpo ekintza, segurtasun eta defentsa politikak, inmigrazioa eta babes politika, transformazio ekologiko eta digitala, ekonomiaren eta zergen politika eta gizarte gaiak, merkatu bakarraren integritateari dagokion aldetik. Gainera, elkartasun-printzipioa betetzen dela zainduko dute, eta Batasuneko zuzenbidezko Estatuaren kalitatearen kontrol eraginkorra egingo dute, Europako Parlamentuarekin batera. Helburu horretarako sortutako tresnak eragingarritasunez jokatu beharko du Oinarrizko Eskubideen Europako Gutunaren ageriko urraketen aurrean, nahiz eta urraketa horiek Erkidegoko legeria betearaztean gertatu ez. Ekonomia eta Diru Batasuna osatu behar da, bereziki Banku Batasuna eta Energiaren Batasuna.
- Batasunaren erakundeek baliabide propioen maila bat izan beharko dute, baita behar besteko zerga gaitasuna ere, botere hauek autonomiaz eta eraginkortasunez egikaritzeko, bai eta Euro Gunearen Altxorra garatzeko ere.
- Kohesio eta babes sozialerako Europako sistema bat finkatzea, Estatu bakoitzaren erosteko ahalmenera egokitutako babes sozialeko, osasuneko eta hezkuntzako gutxieneko baldintzak ezarriko dituena. Gutxieneko soldatak eta laneratze-errenta finkatzeko bateratze-estrategia eta irizpide homogeneoak garatzea, pobreziari aurre egiteko eta jasotzaileak lan-munduan birgizarteratzera bideratzeko.
- Subsidiariotasun printzipioarekin ados, jarduera publikoa garatu beharko da hiritargoarengandik hurbilen dagoen maila politikoan, zeinetan ahalik eta jarduketarik eraginkorrena egin ahal izango den. Hau da funtsezko printzipioa, Batasuna ulergarriago eginez hiritarrengana hurbiltzen baitu, eta Federazioaren egitura politiko guztietara aplikatu beharko da.
- Europako Parlamentuak, hiritargoaren ordezkaritza den aldetik daukan zilegitasunarekin ados, bere botere legegileak indartu beharko ditu, gaitasunen artean ekimen legegilea jasoz, eta Europako Batzordearen jarduna sustatzeko eta kontrolatzeko eginkizunak indartu behar ditu. Europako Parlamentuak erabakimen partekatua izan behar du Europako Batasunaren prozesu legegile osoan. Era berean, Estatu kideen zuzenbidezko Estatuaren demokraziaren kalitatea kontrolatzeko eginkizun aktiboa izan behar du urteko txostenak eginez eta gai horri buruz egituratuko diren elkarrizketa eta eztabaidetan parte hartze eraginkorra izanez.
- Aniztasuna eta politiken eta herrialdeen pluraltasuna bermatzera begira, Europako Parlamenturako hauteskundeetan barruti sistema bat egituratu beharko da nazionalitateak eta erregio konstituzionalak aitortuko dituena, bai eta parlamentarien portzentaje zehatz bat Europako mugaz gaindiko zerrendetan ere. Era berean, Batzordeko presidenteak Europako hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdiek aurkeztuko dituzten zerrendaburuen artetik aukeratu beharko da, Spitzenkandidat delakoaren figura berreskuratuz.
- Batasunaren Kontseiluak Federazioaren egitura legegilearen bigarren ganbera bihurtu beharko litzateke. Lurralde ganbera bat, bere baitan Estatuak eta entitate konstituzionalak ordezkatuko dituena. Ahalmen legegilea Europako Parlamentuarekin partekatu beharko du arlo guztietan, eta bere eginkizun exekutiboak bertan behera utzi beharko ditu. Guztien adostasunaren beharra eta beto eskubidea desagertu beharko dira gehiengoen sistema baten mesedetan. Federazioak bermatu behar du Kontseiluan botere legegileak dituzten lurralde-erakundeen ordezkaritza, batez ere erakunde horien eskumenekoak diren gaietan.
- Batzordea Federazioaren benetako gobernu bihurtu behar da, ekintza betearazle guztien arduraduna, baita atzerri- eta segurtasun-politikari dagozkionak barne. Batzordeak, etorkizuneko legeriari dagokionez, Federazioaren barruko maila anitzeko agintari guztiei kontsulta egin behar die, Europako legeria transposatzeko eta betearazteko erantzukizuna badute.
- Batzordeak indartu behar ditu erabilgarri dituen tresnak, Batasunaren kohesiorako eta garapenerako oinarrizko politikak gauzatzeko orduan Estatu kideek hitzemango dituzten konpromisoak betearazteko, bai eta klima aldaketaren kontrako borrokarako funtsezko gaiei eragina izango direnetan ere, hauen artean daudelarik Europa zeharkatzen duten garraio sareak edo energiaren merkatu bakarra.
- Europako Justizia Auzitegia bihurtu beharko da Federazioaren Auzitegi Konstituzional. Horrela, bere eskumena Federazioaren ekintza guztietara hedatu beharko du, eta Auzitegira jotzeko eskubidea Federazioaren legezko nortasun guztietara zabaldu beharko da, baita botere legegileak dituzten lurralde-erakundeetara ere, beren botere konstituzionalaren egikaritzan eragina dutenean.
- Behatoki independente batek aldian-aldian berrikusi behar du botere judizialak Estatu kideetan duen kalitatea eta independentzia, eta botere-banaketa eraginkorra bermatu behar du. Haren irizpenak urteko txosten sakon batean sartu beharko dira, Batasuneko zuzenbidezko Estatuaren funtzionamendu egokiaren aurkako mehatxu sistemikoak prebenitzeko.
- Europako Federazioak testu konstituzionalean jaso eta aitortu beharko du, bai eta erakundeetan islatu ere, batetik, beren baitan botere legegileak dituzten Nazionalitateak eta lurralde entitateak dituzten Estatu kideek eta, bestetik, antolaketa zentralizatua duten Estatu kideek bi errealitate ezberdin ordezkatzen dituztela Konstituzioaren ikuspuntutik. Halaber, kontuan izan beharko du barne subiranotasuna auzitan jartzen duten lurralde gatazkak konpontzeko aukera elkarrizketaren bidez, bitartekaritza politikoaren bidez eta Batasunaren printzipio demokratikoen bidez. Argitasun Zuzentarauak ezarri beharko du mekanismo arautu, demokratiko eta aitortua tentsio eta gatazka hauetan bitartekaritza eskaintzeko eta auziak konpontzen laguntzeko.
- Europako Batasunaren araudiaren baitan Argitasun Zuzentarau bat jasotzea, ordezkaritza duten parlamentu-erakundeen erabakiaren bidez, Estatu kidearekiko eta Europar Batasunarekiko duten estatusari buruz erabakitzeko borondatea argi eta garbi eta zalantzarik gabe adierazten duten erkidego politikoek beren etorkizunari buruz herritarrei galdetzea ahalbidetzen duten mekanismoak izan ditzaten, legez eta itunduta eta kide diren Estatuarekin bermeekin.
- Erregioen Batzordeak berriztatua izan behar du erregioei zein hiri eta udalerriei solaskidetzarako aukera nahikoak eskaintzeko. Subsidiariotasun testak eta parte hartze sinbolikorako bestelako mekanismoak ordezkatu behar dira mekanismo egituratu, egonkorrekin, Estatu kideen egitura konstituzionalekin koherenteak izango direnekin.
- Europako Federazioak barrutik handitzeko mekanismoa aitortu eta arautu beharko du, are gehiago gaur egun kanpotik handitzeko bizi duen momentuan, Kopenhageko irizpideek jada ezarritako eta araututako prozesuaren bidez.
Europari aukera paregabea planteatzen zaio etorkizuneko Europako proiektuak hiritargoaren beharrei eta nahiei eta XXI. mendeko erronka globalei erantzun diezaien. Azken finean, nazioarteko testuinguru berri honetan Europa mundu mailako potentzia bihurtzeko. Baina horrek eskatuko digu are adore handiagoarekin jokatzea Estatuen inertzia eta zorroztasun estrukturalak gainditzeko are espazio demokratikoagoa eta orekatuagoa irabazteko, maila ugarik eta benetako subiranotasun partekatuek eratua.
Nabarmenak...
BERRIA
2024/11/22
BERRIA
2024/11/08
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Berri ikusiagoak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/04/09