Artxibak

2022/04/26

EBBren balorazioa Frantziako Hauteskunde Presidentzialen emaitzen harira

Euzkadi Buru Batzarrak bere poza agertu nahi du Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako Presidente aukeratua izan zelako atzo egin ziren hauteskundeetan, emandako botoen %58tik gorako eta 19 milioi pertsona ingururen babesa jaso ondoren.

rss Ezagutzera eman
EBBren balorazioa Frantziako Hauteskunde Presidentzialen emaitzen harira

ARGAZKIA JAITSI

Iparraldeko euskal lurraldean Macronek jaso duen babesa, portzentajeari dagokionez, handiagoa izan da, eta, beraz, Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiak jasotakoa txikiagoa izan da. Hori ere bada are pozago egoteko arrazoia. Macronek Le Penen aurka lortutako garaipena albiste ona da Europarentzat, guztiz erabakigarriak izango diren datozen urte hauei begira. Garai honetan, Frantziako Errepublikako Presidentearen figurak erreferentzia nagusi izan behar du Europako Batasunaren barruan, Europako proiektuan eta haren beharrezko integrazio politikoan aurrerapen esanguratsuak lortu ahal izateko.

Hala ere, atzoko hauteskunde presidentzialen emaitzak ere hausnarketarako bidea ematen duten eta kezka eragiten diguten ondorioak ematen ditu. Izan ere, atzo ere eskuin muturreko populismoaren gorakada eta abstentzio handia izan ziren, eta Frantziak, bere erakunde demokratikoek eta agintariek lehentasunez eta berehala heldu behar diete bi fenomeno horiei, ekainean egingo diren hurrengo hauteskunde legegileen harira. Erronka horiek zerikusi handia dute Europako gainerako herrialdeekin, eta, beraz, lan estua eta lankidetza eraginkorra beharrezkoak dira Batasuneko alderdi politikoen artean. Testuinguru horretan, EAJ-PNVk, mende oso batean egin duen ibilbide europarrarekin bat eginez, erronka horiei aurre egiteko ardura hartuko du.

Euskal ikuspegi hutsetik, Ipar Euskal Herriko emaitzak begi onez hartu ditugu, gure Herriaren konpromiso demokratikoaren adibide direlako. Hala ere, Presidente hautetsiak ezin du eta ez du erabili behar lortutako emaitza koartada gisa, euskal gizarte zibilaren artean hain zabalduta dagoen kritika- eta asegabetasun-oldeari entzungor egiteko, horrek erantzun azkarra eskatzen baitu demokraziari eta justizia sozialari dagokienez. Datozen bost urteetan, EAJ-PNV oso adi egongo da berriro salatzeko eta kontrapisu gisa jarduteko, Macronen bigarren agintaldian gauzatu zitezkeen mehatxu zentralizatzaile guztien aurrean (esate baterako, iaz ‘Molac Legea’ izenekoan hiru artikulu garrantzitsu kendu izana bezalakoa), euskal kulturarekin, oro har, eta euskararekin, bereziki, lotutako edozein alderditan zalantzan jartzea, bertan behera uztea edo atzera egitea ekar dezaketen neurrien aurrean.

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
PDE-EDP