Artxibak

2022/07/06

Ortuzarrek eta Etxelekuk EAJ-PNBren bultzada hitzeman dute Elkargoak “Ipar Euskadi garatzeko, hiritarrentzat ongizatea ekar dezan eta Hegoalderekin harremanak estutzen lagun dezan”

Euzkadi Buru Batzarraren eta Ipar Buru Batzarraren presidenteak izan dira gaur Uztaritzen, talde jeltzaleak Lapurdi-barnekaldeko Biltzar berriaren sorrera ospatzeko egin duen ekitaldian.

rss Ezagutzera eman
Ortuzarrek eta Etxelekuk EAJ-PNBren bultzada hitzeman dute Elkargoak “Ipar Euskadi garatzeko, hiritarrentzat ongizatea ekar dezan eta Hegoalderekin harremanak estutzen lagun dezan”

ARGAZKIA JAITSI

« Poztasun handia da Euzko Alderdi Jeltzale osoarentzat hemen Biltzar berri baten sorreran izatea » 

“Poztasun handia da Euzko Alderdi Jeltzale osoarentzat hemen, Ipar Euskadin, Lapurdiren bihotzean, Biltzar berri baten sorreran izatea. Momentu konplikatuak bizi ditugu munduan. Momentu latzak benetan, Ukrainako gerragatik. Ekonomian ere arazoak daude, eta horregatik sortzen dira gatazka soziala, populismo arriskutsuak, eskuin muturraren gorakada, politikaren eta hiritargoaren arteko urruntzea,… Eta, momentua errazena ez den arren, lagun-talde hau osatzen duzuenok urratsa eman duzue eta erran duzue Euskadirekin konpromisoa nahi duzuela, Euzko Alderdi Jeltzalearekin konprometituko zaretela. Horregatik, nire lehen hitzak, gure esker onik beroena erakusteko, Esker anitz Lapurdi barnekaldeko Biltzar berri hau sortu duzuen alderdikideoi”.

Hitz hauek erran ditu Andoni Ortuzarrek Uztaritzen gaur arratsaldean Iparralden EAJ-PNBren Biltzar berri baten hasiera markatzeko egin den ekitaldian, Lapurdi-barnekaldeko biltzarra inauguratu baitute gaur. Ospakizunean Bildu diren ehun bat alderdikide eta alderdizaleren artean, Ortuzarrek eta Ipar Buru Batzarraren presidente Peio Etxelekuk Iparraldeko Elkargoa bultzatzeko konpromisoa hitzeman dute, Frantziar estatuan eratu den lehen erakunde politiko euskalduna eta soilik euskalduna delarik. Ordezkari jeltzale biek hitzeman dute EAJ-PNBk Pirinioen alde bietan dituen hautetsien babesa.

« Zuen esku jartzen dugu euskal erakundeen indar guztia »

“Elkargoak etorkizun bikaina izan dezan. EAJk ekarpen apala egingo du, baina bere engainamendua erraldoia da, eta Elkargoan bultzatuko ditu Ipar Euskadi bultzatzeko ekimenak, hiritargoari ongizatea eta zerbitzu publiko onak emateko, Hegoalderekin harremanak sendotzeko. Eta, zentzu horretan, zuen esku jartzen dugu euskal erakundeen indar guztia, lan horretan kolaboratzeko. Hegoalderi dagokio Iparraldera begiratzea eta Ipar Euskadiri, hegoaldera begiratzea”. Zentzu berean, jeltzaleen buruak aitortu nahi izan du Euro-erregioaren inguruan Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Foru Gobernuaren eta Akitaniako agintarien artean ematen den mugaz gaindiko elkarlana “fruituak ematen hasia da baina oraindik askoz gehiago espero dugu kolaborazio horretatik” .

« Euskadi askea, emazte eta gizon askeek osatua »

Ortuzarrek EAJ-PNB definitzeko erran duenez “baloreak ditugu. Lur hau maite dugu, gure nortasuna, gure hizkuntza. Guk erakundeen balioan sinesten dugu eta demokratak gara. Adour eta Ebro ibaien artean bizi garenok lotura sendoak ditugu, komunitate bateko kideak gara, Herri bereko kideak gara, gure artean muga administratiboak dauden arren. Alderdi hau identifikatzen da Lapurdiko jendearekin, baita Zuberoako eta Nafarroa Behereko herritarekin ere, eta konpromisoa nahi dugu hiru herrialde hauen etorkizunarekin eta herritarren ongizatearekin”.

Buru abertzaleak ildo beretik erran du EAJ-PNBren helburua dela “euskal herrialde guztiak biltzea eta hobetzea. Hori da gure ideologia: Euskadi askea, emazte eta gizon askeek osatua. Dagoenetik eraikitzen eta hobetzen dakien alderdia gara, dagoen egoeratik. Orain, administratiboki, banatuta bizi gara; baina gauza bat dago bateratzen gaituena, aterpe berbera daukagu: Europa. Europaren hasieratik, gure alderdia beti izan da Europa batuaren ideiaren bultzatzailea. Demokrazia-esparrua delako, justizia eta Zuzenbide Estatuaren lurraldea. Baina, baita ere, Europa batu batean errazagoa izango zelako Euskadi batua lortzea”.

« Peio, lan bikaina egiten ari zira »

Ortuzarrek ez du bere hitzaldia bururatu nahi izan Peio Etxeleku IBBren burutzan eta Elkargoan egiten ari den lana aitortu eta goraipatu gabe “Peio, lan bikaina egiten ari zira. Segi horrela. Batzuetan tokatzen zaizu esatea gauzak ez direla ondo egin edo hobeto egin ahal direla. Demokrazian hala egin behar da erakundeek ondo funtzionatzea nahi bada. Eta horrela lan egiten dugu EAJko alderdikideok. Engainamendu zintzoa, gardena, zorrotza”, baieztatu du.

EAJ metodoa aplikatuko dugu

Etxelekuk, bere aldetik, EAJ-PNB-ren lehentasunak aipatu eta azaldu ditu. “Euskarak euskaldun egiten eta batzen gaitu, eta gure ama hizkuntzaren defentsa lehentasun bat da. Horretaz gain, Euskadi bateratu, aske eta iraunkor bat eraikitzea, gizarte orekatu eta integratzailea egunero jorratzea eta extremismoak baztertzea: hauek dira gure helburuak eta egin beharrak”, erran du Etxelekuk. IBB-ko presidentearen hitzetan, “gure historia aberatsean eta gure baloreetan oinarrituta, aplikatuko dugu, hemen, Lapurdi-barnekalde honetan, ‘EAJ metodoa’. Zein da metodo hori? Gure hemengo beharreri ahal bezain ongi moldatzen den politika asmatzea eta martxan ezartzea. Ez ideologikoa, ez erradikala, baina bai pragmatikoa, anbiziodun eta zentzudun diren pausu fermuena”.

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
PDE-EDP