Artxibak

2023/04/07

Garai berri bat Euskadirentzat

Gaur, apirilaren 9an, igandea, ABERRI EGUNA ospatzen dugu, Euskal Herriko eta Euskal Aberriko kide sentitzen garen guztion egun handia.

rss Ezagutzera eman
Garai berri bat Euskadirentzat

ARGAZKIA JAITSI

Euskal Herria da osatzen duten herrialde historikoetan sustraiak dituen nazioa (Araba, Behe Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa). Halaber, gero eta euskal herritar gehiago bizi diren munduko beste herrialde askotan ere badu presentzia. Milaka urte dituen herria gara, bere kultura propioa duena, bai eta hizkuntza berezi bat ere, euskara, belaunaldiz belaunaldi transmititua izan dena, egoera ezberdinetara moldatzeko gaitasuna erakutsi duena, tradizioak eta modernotasuna uztartzen dituena gero eta testuinguru irekiago eta aldakorragoan garatzeko.

ABERRI EGUNA ospatzeko egun bat da. Herri eta nazio gisa eraiki dugun historia kolektiboa ospatzen dugu; ahaleginaren bidez sortu dugun historia da, elkarlanaren eta eskuzabaltasunaren bidez eraikitakoa. Gaur ospatzen dugu geure burua euskaldun jotzen dugun pertsona guztien artean egunez egun eraikitzen dugun aberriko kide garela, nortasun propioa duen herria sortzen ahalegintzen baikara, bizi kalitatearekin, herri demokratikoa, justizia sozialean oinarritua, zeinetan pertsona guztiek, beren jatorri eta bizi baldintzak gorabehera, bizimodu duina garatzeko aukera izango baitute, norbanako gisa eta kolektibo gisa. Pertsonen bizimodua familiaren baitan garatzen da, lanean eta gizartean, eta horrek denak egiten gaitu Herri. Gaur ospatzen dugu elkartasun hori, batasun hori, gure bizi proiektuak liluraz bizitzeko aukera ematen digun herrian garatu ahal ditugulako.

Euskadi Herri liluragarria delako: bizitasun sozial, kultural eta ekonomiko nabarmena du; mundura irekita dagoen Herria da, Herri dinamikoa; uste demokratiko sendoak dituen Herri bat gara, elkartasun sozialezko sokada historiko eraiki duena, parekidetasun ekonomiko eta sozial handiak ahalbidetu dituena eta, horri lotuta, sorkuntzarako eta berrikuntzarako joera esanguratsua ere; bizitasun sozial handia duen gizartea gara, duintasunez ordezkatzen, eraginkortasunez babesten eta Euskadi indarrez bultzatzen jakin izan duten erakundeekin, sasi guztien gainetik. Euskadi Europako nazio da gaur, eta bere helburua da mundu hobe eta bidezkoagoa eraikitzea, berdintasunez eta planetako beste herri eta nazioekin elkarlanean. Denok daukagu Euskadiz harro sentitzeko eskubidea, denon artean eraiki baitugu, hemen edo munduko beste tokietan bizi garen pertsona guztien artean, gure aurretik egon zirenen eta gaurko belaunaldien artean. Euskadi izan da, da eta izango da elkarren artean partekatu behar dugun ataza eta erantzukizuna. Jakina da erronka asko daudela, esparru sozialean, ekonomikoan eta kulturalean, baina Euskadi gaur da bizi kalitatea eskaintzen duen Herria, Herri aurreratua, non pertsonen arteko askatasun eta berdintasunak munduko herririk aurreratuenen artean kokatzen baikaituzte.

ABERRI EGUNA aldarrikapen eguna ere bada, Herri eta nazio gisa dagozkigun eskubide nazionalak aldarrikatzekoa, munduko gainerako beste herriek daukaten eskubide berbera baitugu. Pertsona bakoitzari aitortzen zaizkion aukera berdintasuna eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ikuspuntu demokratikotik atzeraezinezko lehentasun jotzen ditugun garai hauetan, ezinbesteko dugu aldarrikapen demokratiko horiei eskubideen parekidetasuna exijitzea, planetako nazio guztientzat; nazio guztiok behar dugu gure egituraketa instituzional propioa, etorkizuna eraikitzeko, kultura eta ekonomia sustatzeko eta gizartea indartzeko. Euskadik bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du, eta burujabe izateko eskubidea politikoki instituzionalizatu behar du. Ez dago ezberdintasunik, ezin da egon, Herrien eskubideen artean. Eskubide demokratikoen banaketak unibertsala izan behar du guztientzat. Hutsetik ere ez gara ateratzen. Errealitate ezberdinak izan arren, Gernikako Autonomia Estatutua, Nafarroako Foru Hobekuntza edo Ipar Euskal Herriko Elkargoa norabide horretan emandako aurrerapauso esanguratsuak baitira; baina oraindik borondate politikoa falta da erabakitzeko eskubidea aitortzeko eta eskubide hori egikaritzeko modua hitzartzeko; guztiz alderantziz, beste behin ere birzentralizazio prozesu argia ematen ari da adostasun politikoak arriskutan jartzen dituena eta orain arte lortu den autogobernu maila erasotzen duena; birzentralizatze prozesu hau bultzatu dute iritzi eta gobernu jarduneko korronte berriek (Espainian eta Frantzian), krisi eta polarizazio politikotik eratorriek, errealitate demokratikoa larriki kaltetzen dutena. Politikagintzaren eta kultura demokratikoaren narriatze nabarmena ematen ari da, autogobernuaren ikuspuntutik parametro atzerakoietara eramaten gaituena.

Aro aldaketa nabarmena bizi dugu, eta asmatzea dugu derrigorrezko gure errealitatea diagnostikatzeko eta Euskadiren Herri definizioa zehazteko orduan. Gure Herriaren milurteko historia eraiki da, funtsean, bizirauteko dugun borondate irmoa oinarri hartuta, une historiko bakoitzean eman diren aldaketetara egokitzeko gaitasunarekin uztartzen den borondatea; eta halakoa izan behar du egungo garaiak ere.

Nazioarteko testuingurua Errusiak Ukraina inbaditzen jarraitu izanak markatzen du, Ukrainak herrialde independente gisa dituen eskubide demokratikoak urratuz. Baina gerra hau ez da soilik Ukrainaren aurkakoa, baizik eta nazioarteko ordena berri baten eraldaketa-testuinguru bat erakusten du, haustura demokratikoa ezaugarri duena, non Txina edo Errusia bezalako herrialdeek XX. mendearen bigarren erdian lortu ziren nazioarteko ordenaren adostasun eta orekekin hausten duten; ordena horrek mundu mailan bakea eta garapen demokratikoa bermatzea zuen helburu. Nazioarteko testuinguru berriaren ezaugarri nagusiak ondorengoak lirateke: baliabide naturalak eskuratzeko borroka, mendebaldeko herrialdeetako demokrazia liberalaren krisia eta munduko bizitza politikoa, soziala eta ekonomikoa antolatzeko unibertsalki onartutako balioak zalantzan jartzen dituzten herrialde ez-demokratikoek munduan duten eragin gero eta handiagoa. Mundua demokraziaren eta totalitarismoaren arteko eztabaidaren mende dago berriro.

Europak, nazioarteko testuinguru zail horretan, demokrazia eta bere balioak defendatzeko lan izugarriari egin behar dio aurre, eta horrek barne-kohesioa indartzeko beharra dakar; barne-kohesioa, kontuan hartuta Estatu kideetatik haratago beharrezkoa dela nazio horiek badirela onartzea, araudian barne hartuz beharrezko Argitasun Zuzentaraua eta barne-zabaltzearen printzipioa, Estaturik gabeko nazioek Europar Batasunarekin duten harreman-estatusa erabaki ahal izan dezaten eta errealitate askotariko hori ordezkatuko duten gobernantza-ereduak bila ditzaten, eta identitate europarra eraikitzen sakondu, herritarrak Europako proiektuarekin gehiago identifikatuz. Erronkak izugarriak dira trantsizio ekologikoaren, trantsizio digitalaren, aniztasunaren kudeaketaren, desberdintasunen aurkako borrokaren eta abarren esparruan.

90 bete dira 1933an “Euzkadi-Europa” lemapean ospatu zen ABERRI EGUNetik. Garai hartan Europa Federalaren eraikuntza babesten zen, Europako Herri eta nazioek osatuko zuten Europa. EAJ-PNVren aldetik “Agirre dotrina” izenekoak indarrean dirauela aldarrikatzen dugu, Euskadi Europaren barruan irudikatzen baitzuen; Europa demokratikoa, norbanakoen eta kolektiboen eskubideak bermatzen dituena; Europa batua, nazio- eta kultura-identitateen aniztasunean oinarri duena; Europa bat aniztasunean batua, bakea eta segurtasuna bermatzeko beharko den indarrarekin eta mundura irekia. II. Mundu Gerrak ikuskera haren egokitasuna egiaztatu zuen eta gaur, krisi eta ziurgabetasun egoeran murgilduta gaudela, Europak eta bere baloreak errezetarik egokiena dira mehatxatzen gaituzten desafioei erantzuteko orduan. Euskadik bere etorkizuna eraiki behar du, Batasunaren barruan dagoen Europako nazio den aldetik, eta horretarako are parte hartze handiagoa bilatu behar dugu Europako erakundeetan, bai eta harreman sendoagoa eta zabalagoa euskal gizartearen eta Kontinente Zaharraren artean.

Testuinguru hurbilago batean, Espainiako edo Frantziako errealitateak demokraziak gaur egun bizi duen egoera kritikoaren adierazle egokiak dira, gure egunerokotasunari eragiten baitio. Espainiako politikak polarizazio eta erradikalizazio kezkagarria bizi du egun, edozein demokraziak oinarrian dituen sustraiak ahultzen ari dena; gerrako hizkerarekin bideratzen den gatazkak akordioak ahalbidetzen dituen eztabaida ordezkatu du; ikuskera ideologiko hauek demokraziaren funtsak erasotzen dituzte eta erabat baldintzatzen ari dira eztabaida politikoa eta erakundeen jarduna, eta esparru publikoa hartzera ailegatu dira, hiritargoaren gehiengo nagusi batek erreklamatzen duen normaltasun politiko eta soziala desitxuratuz. Espainiako Estatuak esparru ekonomiko eta sozialean aurrean dituen erronka erraldoiak, bai eta bere barruan diren Estaturik gabeko nazioen errealitateei erantzuna emateko ere, ezin dira landu akordioak blokeatzen eta elkarrizketa politikoa inkomunikazio bihurtzen duten errezetekin, erakunde komunak alderdikeriaren mende sakrifikatzen baituzte, bai eta politika publikoak estrategia elektoralen arabera bideratu ere. Azken finean, errezeta horiek pentsatuta daude sua elikatzeko eta ez arazoak konpontzeko. Espainiako demokraziaren kalitatearen narriatze horrek murriztu egiten du Estatuko errealitate nazio-anitzaren ulermena, eta jarrera atzerakoiak eraikitzen ditu Euskadiri eta Kataluniari zuzen zuzenean eragiten dietenak: alde bakarreko erabakiak, bete gabe uzten diren akordio instituzionalak edo gure eskumen-esparrua inbaditzen duten ekimen legegileak horren adibide argia dira. Euskal autogobernuari eustea edo autogobernuan aurrera egitea ezin da utzi Espainiako Gobernuek Diputatuen Kongresuan edo Senatuan gehiengoak osatzerakoan izan ditzaketen koiunturazko beharrizanetan mende. Beharrezkoa da oinarri sendoagoak eraikitzea, lege- eta erakunde-mekanismoak barne hartuko dituztenak eta errealitate plurinazionalaren garapena bermatuko dutenak, errespetuan eta berdintasunean oinarri harturik.

Euskadi ez da irla bat, eta gero eta elkarrenganako mendekotasun handiagoa planteatzen den mundu honetan, errealitate globalek eta estatukoek eragin handia dute. Azken urteotan aldaketa handiak gertatu dira, bai barne-ikuspegitik, bai kanpo-ikuspegitik. Euskadin barne-aldaketa handiagoa gertatu da indarkeriaren amaierarekin eta elkarbizitzarentzat errotik ekarri duen aldaketarekin. Demokraziaz ari garela, ezin genezake aipatu gabe utzi bidegabekeriak, krudeltasunak eta terrorismoak eta bere legitimazio-mekanismoek ekarri duten kaltea; biktimentzat eta haien senideentzat, gizarte osoarentzat, eta, gainera, euskal nazioaren kausari zuzenean kalte eginez. Kontua ez da atzera begiratzea indarkeria termino politikoetan instrumentalizatzeko: memoria etorkizun demokratiko baten zerbitzura jartzeko beharra dago. Eta, horretarako, funtsezkoak dira egia, eragindako mina aitortzea, erreparazioa eta autokritika politikoa: autokritika politiko bat, hain zuzen, hiltzeari uztearekin bakarrik berez aterako ez diren baloreak, jarrerak eta jokabide politikoak gizartearen barne egituretatik ateratzeko eta azaleratzeko aukera emango duena. Eta elkarren artean egin behar dugu, elkarlanean, errebantxismorako edozein joera gaindituz eta eskuzabaltasunez. Zor saihestezina da hori etorkizuneko belaunaldiekin. Eta ez genuke aukera hori joaten utzi behar, gurea bezalako herrialde batek etorkizuna eraikitzeko duen aktiborik handiena bere sendotasun demokratikoa delako.

Indarkeria desagertu izanak euskal erakunde-sistemaren oinarri demokratikoa indartzea ere ekarri beharko luke. Euskal herritarren etorkizuna gizarte eta erakunde indartsu baten gainean eraikiko da. Hori da euskal autogobernuan hazteko aukera izateko baldintza.

Nazioarte mailan ematen diren eraldaketa politiko, ekonomiko eta sozialak, espainiar Estatuan bizitza politikoan ematen den narriatzea edo pandemiaren ondoriozko krisia euskal errealitate politikoan modu kritikoan eragiten ari diren bektoreak dira, baita barne-ikuspegitik ere. Euskal politikak gizarte gisa ditugun erronka handien mailan egon beharko luke, baina kezkaz ikusten dugu eztabaida politikoaren balioaren gainbehera. Estatu mailako Euskadiko alderdi politikoak Estatuaren nazio-aniztasunaren ikuspegi atzerakoi horrekin bat egiten duten bitartean, eta eskumen-inbasioak gertatzen direnean axolagabekeria izugarriarekin erantzuten duten bitartean, beste alderdi batzuk errealitate sozial eta ekonomikoaren eta gure politika publikoen kudeaketaren agertoki ilun eta negatiboa eraikitzearen alde agertzen ari dira, ziurgabetasun-testuinguru batez baliatuta beren jarrera politikoa sendotzeko asmo bakarrarekin. Gatazkatik ezin da ezer sendorik eraiki, ezta gizartearen haserrea instrumentalizatuz edo itxaropena zapalduz ere. Proiektu politikorik ezin da eraiki hurkoaren nortasuna ukatuz edo boterean ordezkapen-prozesu huts gisa. Euskadik proposamen positiboak behar ditu erakundeak indartzeko, hainbeste kalte egiten duen demagogia populistatik kanpo dagoen eztabaida politikoa behar dugu, eta mendebaldeko demokraziak mehatxatzen dituen desafekzio politiko kezkagarriari aurre egin behar diogu. Euskadin, gizartea eta erakundeak elkarren eskutik doaz. Inork ez du eskubiderik kapital sozial hori arriskuan jartzeko. Une historiko honetan oinarrizko adostasunak eraiki behar ditugu, erronkak orain arte ezagutzen ez diren mailakoak baitira. Garai politiko berri bati aurre egiteko oinarriak adosteko unea da, baita alderdien estrategiak bazter batean uztekoa ere.

Euskadik egun bizi duen momentua benetan erabakigarria delako etorkizunari aurre egiteko orduan. Eta etorkizunari helduko badiogu, non gauden eta nondik gatozen aitortu behar dugu. Diktaduraren amaieratik gaurdaino, lau hamarkada baino gehiagoz eta gure aurreko belaunaldien ahaleginari eta lanari esker, autogobernu-maila handia lortu dugu Hegoaldean, garapen ekonomikoan eta kulturan, bai eta ongizatearen hedapenari dagokionez ere. Harrotasunez egiazta dezakegu maila globalean gizarte-desberdintasuneko tasa txikienak ditugun gizarteetako bat garela. Euskararen ezagutzan eta gizarte-erabileran aurrerapen nabarmenak lortu ditugu, eta ziur aski munduan hainbat hizkuntza gutxituk nahiko lukete gurea moduko egoeran egon. Gizarte ekintzailea gara, berritzailea, kapital sozial handia duena eta gizartean konfiantza sortzen duen egonkortasun instituzionala duena. Konfiantza funtsezkoa da komunitate baten kohesio sozial, ekonomiko eta politikoa nahi badugu. Ezin ditugu ahaztu, halaber, Ipar Euskal Herriko Elkargoaren instituzionalizazioari esker egin diren aurrerapenak. Izan ere, Elkargoa arlo ekonomiko, sozial eta kulturalean politika aktiboak garatzea ahalbidetzen ari da, eta Euskal Herriko kide izatearen sentimendua berpizten eta lantzen ari da aniztasunaren ikuspegi integratzaile eta inklusibo batetik. Hurbiletik jarraitu beharko dugun zerbait da hori.

Jakina da hobetzeko esparru eta ibilbide asko daudela oraindik. Baina unean unekoa lehenesten den eta dena abiadura handian gertatzen den garai honetan, egokia da une batez gelditzea eta guztion artean eraiki dugunaz hausnartzea. Garena eta daukaguna ezagutu behar dugu, estimatu eta dastatu. Orain arte eginiko ibilbidea baloratzeak egungo errealitatean hobeto kokatuko gaitu, eta etorkizuneko erronkei gaitasun handiagoarekin aurre egiteko aukera emango digu. Eta merezi du galdetzeak honaino zer baliok ekarri gaituzten: euskaldun izatearen kontzientzia, ikuspegi demokratikoa, elkartasun soziala, ahalegin kolektiboa, herriarenganako maitasuna, zuhurtzia, desberdintasunarekiko errespetua eta estrategian asmatu izana, pragmatismoa eta errealitate politiko, ekonomiko eta soziala eraldatzeko ausardia konbinatuz, eta beti Euskal Herriaren eskutik. Gizarte zibil indartsua eta gizarte honi lotutako sistema instituzionala dituen nazioa da Euskadi. Euskal erakunde-sistemak duen sendotasunaren eta bere norabide politikoan zein politika publikoen kudeaketan duen egokitasunaren erakusgarririk onena euskal herritarren konfiantza da. Ez genuke onartu behar gaur egun Euskadi dena izatea ahalbidetu duen trakzio-elementua ahaztea: gure bokazio demokratiko sakona.

Hortik dator gure Herriaren demokraziaren kalitatea areagotu beharrak daukan garrantzia. Demokrazia horrek Euskadin duen kalitatearen inguruan berrikitan egin diren ikerketek erakusten dute adierazle horietan herrialderik aurreratuenen artean gaudela. Horrek erakusten du konfiantza dugula gure erakundeetan, hiritargoak kultura politiko sendoa duela, politika publikoak hiritarren beharretara bideratuta daudela eta segurtasun sistema bat dugula gizartearen eraldaketarako bidean eztabaida publikoa pobretzen eta jardun publikoa baliogabe jotzen duten populismoen aurrean.

Euskadik, argi eta garbi, une erabakigarria bizi du une honetan, eraldaketa bidean dago, aukeraz betea. Mundu mailan aldaketa ugari ematen ari diren testuinguru batean, Euskadik tamaina handiko erronkei heldu behar die: demografiaren erronka, trantsizio energetikoa eta klima aldaketaren kontrako borroka, kultura-aniztasunaren kudeaketa, desberdintasunei aurre egiteko beharra, hauen artean genero desberdintasuna, desberdintasun ekonomiko eta soziala eta kultura eta hizkuntza alorreko desberdintasuna, trantsizio digitalaren erronka eta gure herriaren garapen-beharrei erantzungo dien erakunde-arkitektura indartzeko eta eraikitzeko erronka. Horiei guztiei aurre egiteko agertokia ez da soilik Euskadi edo Espainiako eta Frantziako Estatuak, ezta Europa ere, mundua baizik. Euskadirentzako etorkizuna eraiki behar dugu dimentsio globala kontuan hartuta, gertatzen ari diren aldaketa teknologikoak barneratuta eta arlo ekonomiko, sozial eta politikoan gertatzen ari diren garapen globalak kontuan hartuta. Mundu berri batean murgiltzen ari gara. Mundu berri hau zabalagoa eta zatikatuagoa izango da, eta bertan aldaketak abiadura handiagoan gertatzen dira, gizarteak (euskal gizartea barne) konplexuagoak eta interdependenteagoak dira eta, beraz, herrialde estrategiek dimentsio berri bat behar dute: agenda politiko berri bati egin behar diogu aurre, errealitate nazional berri bati, politika egiteko moduak eraldatzeko beharrari eta etorkizuneko erronkei bermearekin erantzuteko autogobernu esparru berri baten beharrari.

Agenda politiko berri baten aurrean gaude, eta agenda horrek Euskadiko errealitate politikoa markatuko du datozen urteetan, batez ere erronka demografikoak, genero-berdintasunak, klima-aldaketaren aurkako borrokak, ekonomiaren digitalizazioak, gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokak eta hizkuntza- eta kultura-berdintasunak eraginda. Merezi du euskaldunok dugun erronka bakar eta garrantzitsu bat nabarmentzea: euskararen erabilera soziala indartzea. Elkarren artean ahalegina areagotu behar dugu Euskadik berezko duen hizkuntza honetan sakontzeko. 2030 Agendaren esparru globalak paradigma ona eskaintzen du erronka horiei aurre egiteko; erronka horiek akordio zabalak eskatzen dituzte, gizarte-kontratu berri bat ekarriko dutenak, eta, batez ere, ekintza publiko eraldatzailearen kudeaketa sistemiko bat, erakundeek eta gizarteak elkarrekin joan behar dutena. Belaunaldi berriek gidatu beharko dute prozesu hori, eta horretarako beharrezkoa da herri-estrategia bat artikulatzea. Euskadik oinarrizko akordioen garai berri bat ireki behar du agenda politiko berriari aurre egiteko.

Eta belaunaldien arteko apustua egin behar dugu, zeregin handi horretan euskal herritarren belaunaldi berri bat sartuz, euskal errealitate nazional berri batean eragiten dituzten aldaketak zehatz-mehatz irakurriko dituen belaunaldi bat: aniztasuna eta pluraltasuna ezaugarri dituen errealitatea, gizarte digitalagoa, bere barruan konektatuagoa, garapen-eredu jasangarriagoa eskatzen duena, harreman sozial, ekonomiko eta politikoen demokratizazio handiagoa bilatzen duena eta genero-diskriminazioari errotik aurre egiten diona.

Egiteko moduetan ere eraldaketa sakona eragin behar dugu. Gizartearen eskakizunekin bat egingo duten egiteko modu batzuk beharko ditugu, gaurko garaien arintasunera egokituko direnak eta, aldi berean, prozesuen erritmoak errespetatuko dituztenak, konplexutasuna kudeatzea ahalbidetuz eta herrialdearen komunitatea, gizabidezko kultura eta kapital instituzionala indartuz. Gizarteari entzuteko derrigorra dugu, erakunde publikoen eta gizartearen arteko elkarlaneko gobernantza-sistemak eraikitzekoa, ekintza publikoa indartzeko. Kultura politiko berri baten bidez egin behar dugu hori, demokrazian sakonago sakondu ahal izateko.

Garai politiko berri batean sartu gara: autogobernu marko berri bat exijitzen digun aro berri batean; sustraiak euskal gizartearen borondatean errotuko dituena, bere etorkizun propioa eraikitzera begira, egungo erakunde-sistemaren legitimitatean haziko den esparru batean; erabakitzeko eskubidea aldebikotasunean instituzionalizatuko duen esparru batean; funtsezko gaietan politika publiko propioen garapenean sakontzea ahalbidetuko duen esparru batean; Euskadiren nazioartekotzean sakontzea ahalbidetuko duen eta Europan presentzia handiagoa izatea ahalbidetuko digun esparru batean. Autogobernu-esparru berri hori eraikitzeko, ezinbestekoa izango da Euskadiko alderdi politikoen artean akordio handiak egitea, euskal gizartea eraikuntza-prozesu horretan sartzea eta nazio-eraikuntzaren estrategia guztiz demokratikoa izatea. Horrela bakarrik sendotu ahal izango dugu hazkunde-estrategia bat.

Gaur ospatzen dugu ABERRI EGUNA aro politiko berri batean murgilduta eta Euskadiren etorkizuna elkarren artean partekatzen dugun erantzukizuna dela ulertuz. Demokraziarekin hitzeman dugun konpromisoa, aldaketen tamaina eta garrantzia ulertzea eta gizartearen eskutik lan egitea dira gure etorkizuna eraikitzeko funtsezko oinarriak.

Gora Euskadi Askatuta!!!

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
PDE-EDP