Artxibak

2023/04/10

EAJ-PNVren adierazpena Ostiral Santuko Akordioaren 25. urteurrenean

Gaur, 2023ko apirilaren 10ean, Ostiral Santuko Akordioaren 25. urteurrena gogoratzen dugu, ‘Belfast-eko Akordioa‘ izenez ezagutzen dugunarena. Akordio hau erreferendum bidez berretsi zuten Ipar Irlandan aldeko botoen %71,15eko gehiengoarekin eta Irlandako Errepublikako hiritarren %94,4ko onespenarekin. Nolabaiteko ikuspegi historikoarekin begiratuta, gaur baiezta dezakegu Akordio hura urrats arrakastatsua izan zela Irlandan behin betiko bakea lortzeko bide luzean, nahiz eta instituzioen aldetik geldialdiak eragin ziren eta aldi hartan noizbehinkako bortxazko gertakariak eman ziren. Ostiral Santuko Akordioak, halaber, pertsona askoren biziak salbatu ahal izatea ekarri du, eta pizgarri esanguratsua izan da bertako ekonomiaren garapenerako eta hiritarren ongizate sozialerako. Eta, bi egoera berdin ematen ez direla aitortu arren, gatazka honen konponbide konplexuak dimentsio unibertsala planteatzen du, beste egoera batzuetarako lagungarri gerta daitekeena, irtenbide bat aurkitzeko orduan.

rss Ezagutzera eman
EAJ-PNVren adierazpena Ostiral Santuko Akordioaren 25. urteurrenean

ARGAZKIA JAITSI

Ostiral Santuko Akordioak erakusten du konpondu ezin den behin betiko gatazkarik ez dagoela, bai eta beti eman daitekeela irtenbideak aurkitzeko aukera ere, borondatean, Akordioan eta norbanakoen erabakimenean oinarrituta. Asko dira prozesu luze eta bihurgunetsu honetatik atera ditzakegun eta atera beharko genituzkeen ikasbideak. Horien artean, politikaren balioa aldarrikatu behar dela edonolako koakzio edo indarkeriaren gainetik. Zentzu horretan, negoziaketetan parte hartu zuten buruzagiek erakutsi eta baliatu zituzten ausardia eta lidergo politikoa, erakunde armatuen jardunaren eta jarreraren gainetik jarriz, funtsezko gertatu ziren azkenetan Akordio bat lortu ahal izateko.

Barruko blokeo historikoaren aurrean, Londres eta Dublingo Gobernuen erabakimena, konponbideak proposatuz, eta nazioarte mailan beharrezko gertatzen zen laguntza, Amerikako Estatu Batuen inplikazio erabakigarriarekin, erabat erabakigarriak izan ziren negoziaketak bide onetik eramateko eta Akordioa bideratzeko eta bermatzeko.

Ostiral Santuko Akordioa bereziki inklusiboa izan zen, Irlandako iparraldeko probintzietako barne eragileak eta alderdi politikoak integratzea lortu zuelako, bai eta Londres eta Dublingo Gobernuak berariaz sortu ziren erakunde berrietan tartean sartu ere, Akordioaren sinatzaile guztiak lotuko zituen irtenbide adostuaren mesedetan. Era berean, nabarmendu behar da gizarte zibilaren parte batek zeregin aktiboa bete zuela, gogaituta baitzegoen orduko egoera sozialarekin, baina baita mobilizatuta ere, giza eskubideen defentsan eta bakea aktiboki aldarrikatzeko eta lantzeko.

Horregatik guztiagatik, eta Ostiral Santuko Akordioaren 25. urteurrena bete delarik, EAJ-PNVren aldetik efemeride hau baloratzen dugu XX. mendean Europan eman den gertakari politiko esanguratsuenetakoa den aldetik. Gertakari honek ahalbidetu baitzuen, lehenik eta behin, aro ilun bati amaiera ematea, zeinak gizakientzat beldur, min eta izu-ikara handia ekarri baitzuen. Ondoren, itxaropenezko etorkizuna ireki ahal izatea gertatu zen, irlandarren belaunaldi berrientzako bake eta ongizatearekin.

Gaur egun, XXI. mendearen hirugarren hamarkadan bizi garela, Ipar Irlandak beste era bateko erronkei egin behar die aurre, errealitate politiko berri batek eta Windsor akordioaren barruan berrikitan berritu den Ipar Irlandarako protokoloak baldintzatuta, erreferendum bidez baztertua izan zen Brexit-aren ondorioei aurre egin behar izatearekin batera. Gizarte horrentzat eman daitezkeen egoerak eta irtenbideak askotarikoak dira gaur egun. Baina Ostiral Santuko Akordioa da etorkizunerako oinarriak ezartzen dituena, Ipar Irlandako herriak berezko duen autodeterminazio eskubidean oinarrituta.

Europako Alderdi Demokrataren 2024ko Hauteskunde Manifestua
PDE-EDP