Archives
09/01/2020
Bere VIII. Batzar Nagusiari, EBB berritzeko prozesuari eta Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako zerrendak osatzeari ekingo dio aurten EAJ-PNVk
Bilbon uztailaren 11n eta 12an egingo dute jeltzaleek lau urterik behin egin ohi duten Batzar Nagusia, VIII.ena izango da aurten. Bertan aukeratuko dira EBBko Presidentea eta zortzi burukideak; Lehendakarirako hautagai jeltzalea martxoaren 7an emango da ezagutzera
Espainiako estatuan hauteskunde berrien mehatxua desagertu dela egiaztatuta, Euzkadi Buru Batzarrak gaur eman du ezagutzera 2020rako diseinatu duen egutegi politikoa, aurten planteatuko zaizkion erronkei ziurtasun osoz, berme guztiekin eta indartsu ekiteko. Andoni Ortuzarrek, EBBko buruak, eta Exekutiba jeltzaleko idazkari andre Mireia Zaratek Sabin Etxean eskaini duten prentsaurrekoan iragarri dute EBBk gaur bertan, arauz ezarrita dagoenari jarraiki sei hilabeteko aurrerapenarekin, Uri Erakundeei, Euzkadiz kanpoko Erakundeei eta Aberri Batzarreko kideei jakinarazi diela EAJ-PNVren VIII. Batzar Nagusirako prozesua abiarazi duela. Jeltzaleen Batzar Nagusi hau Bilbon egingo da uztailaren 11n eta 12an. Asteburu horretan, EBBko presidentea eta zortzi burukideak aukeratzearekin batera, Euzkadi Buru Batzar berria aukeratzeko gaur bertan abiarazi den prozesua burutuko da. Baina hori ez da gaurko iragarpen bakarra izan. Ortuzarrek eta Zaratek gaurko aurkezpenean jakinarazi dute datorren asteazkenean, urtarrilak 15, EAJ-PNVren Aberri Batzarra egingo den egun berean, EAJ-PNVk Lehendakarirako eta Eusko Legebiltzarreko Presidenterako eta Arabatik, Gipuzkoatik eta Bizkaitik Eusko Legebiltzarrerako aurkeztuko dituen hautagaiak aukeratzeko barne hauteskunde prozesua hasiko dutela. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ere 2020an egingo dira eta Iñigo Urkullu Lehendakariak deituko ditu, berea baita hauteskundeak deitzeko eskuduntza. Hautagaitza jeltzalea martxoaren 7an emango da ezagutzera.
Euzkadi Buru Batzarra berritzeko barne prozesuak, gaur urtarrilak 9 abiarazi denak, maiatzarren 18tik 31ra bitartean izango du bere lehen hautespen aldia, eta tarte horretan Uri Batzarretan bozkatuko dira hasiera batean proposatuko diren hautagaiak. Ekainaren 8tik 17ra bitartean bigarren bozketa egingo da eta fase horretara igaroko dira lehen aldian gutxienez hiru Uri Erakunderen babesa jasoko duten hautagaiak. Ekainaren 18tik 20ra bitartean egingo dira Herrialde Batzarrak, eta berauetan hartutako erabakia errespetatuko da (manamenduzko agindua) Aberri Batzarreko ordezkarien aldetik. Aberri Batzarra uztailaren 11n eta 12an egingo den Batzar Nagusiaren barruan egingo da, eta orduan aukeratuko dute EAJ-PNVren Exekutiba berria.
Prozesuak iraungo dituen sei hilabete hauetan, EAJ-PNVk bere alderdikideei planteatuko die Aberri Estatutuak Aldarazteko Proiektua, aldarazpen eta hobekuntza puntual batzuk aurreikusten dituena, ordenamendu juridikoak exijitzen dituen hainbat egokitzapenekin batera.
Halaber, eta aurten EAJ-PNVren sorreraren 125. urteurrena beteko dela gogoan, Euzkadi Buru Bazarrak beste hausnarketa prozesu bat abiaraztea erabaki du. Prozesu hau euskal gizartearekin egingo du, gure Herriaren hurrengo belaunaldiaren geroa gidatuko duten gaien inguruko ikuskera eskaintzera begira. Hausnarketa honen xedea da euskal gizarteari hausnarketa multzo bat eskaini ahal izatea, dagoeneko planteatzen zaizkigun erronka handien inguruan, hurrengo hamarkadetan gure Herriaren geroa erabakiko dutenak.
Hasiera batean edukiak aditu eta espezialistekin lantzea aurreikusi da, kanpora begira lehen kontraste bat egin ondoren, alderdikideekin parte hartze prozesua bideratzeko, Batzar Nagusia baino lehen Alderdi barruko kontrastea egitea xede. Batzar Nagusian aurkeztuko dira prozesuaren ondorioz egingo diren testuak.
Euzkadi Buru Batzarrak alderdikide guztiak animatu nahi ditu prozesu honetan aktiboki parte hartzera, alderdikideek egoki joko dituzten zuzenketak eginez, edo ekimen berriak planteatuz Ebazpen Proposamen edo Jakinarazpenen bidez.
Faits saillants...
ACTUALITÉ
22/11/2024
ACTUALITÉ
08/11/2024
EBB
29/09/2024
EBB
29/09/2024
Les plus populaires...
EBB
27/01/2024
EBB
27/01/2024
EBB
27/01/2024
EBB
09/04/2023
EBB
10/04/2023